NAIZ

«Olano, zer ari da gertatzen erraustegian?», Zubietatik luzatutako galdera

Arkaitzerrekako arazoak bertan segitzen du gaur larunbatean, laugarren egunez, aldaketa handirik gabe eta batez ere inolako azalpenik gabe. Honen aurrean elkarretaratzea egin dute Zubietan dozenaka lagunek, galdera hau luzatzeko: «Zer ari da gertatzen?». Markel Olano aldun nagusiari zuzendu diote.

Elkarretaratzea larunbat honetan Zubietan, azalpen eske.
Elkarretaratzea larunbat honetan Zubietan, azalpen eske. (@EguzkiEH)

Laugarren egunez urak ez du behar bezalako itxurarik Arkaitzerrekan Zubietako erraustegitik behera, bertako auzokideek egiaztatu dutenez. Eta kalera atera dira azalpen eske. Eguerdian elkarretaratzea egin da herrian, dozenaka lagunek parte hartu dutelarik, Gipuzkoako aldun nagusiari mezu hau helarazteko: Zer ari da gertatzen Zubietako erraustegian?».

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu du protesta hau. «Irregulartasunak, lege-hausteak, istripuak eta kutsaketak behin eta berriro ari dira gertatzen. Ez da Arkaitzerreka kutsatzen duten lehen aldia. Eta beti herritarrak izan dira gertakizunen albistea eman dutenak, beti», ekarri du gogora.

Asteazkenean jakinarazi zuen gertatutakoa EAMak. Urak oxido kolorea duela ikus daiteke eta errauskailuaren azpitik errekara doan hodi batetik aparra ateratzen da.

Auzokideek nabarmentzen dutenez, begibistakoa da Arkaitzerreko ura garbi iristen dela errauskailua eta hortik behera, aldiz, kutsatuta agertzen dela.

 

Salaketa honen aurrean erantzun oso laburra eman zuen hurrengo egunean Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioak, isuririk izan dela ukatuz. Baina auzia jada Fiskaltzaren eskuetan dago, ostiralean GuraSOS ekimenak jakinarazi zuenez. Susmagarri egiten zaio GuraSOSi balorazio motz hori, batetik GHKk eman duelako eta bestetik errauskailuak horrekin zerikusirik duenik ez duelako ukatzen. Bere aburuz, isuria baino filtrazioa da gertatzen ari dena. Eta GHKk jazotakoaren arrazoia badakiela uste du elkarteak.

Hau guztia aurreko isuria oraindik auzitegian aztertzen ari den momentuan gertatzen ari da. Hamalau lagun daude auzipetuta 2020ko maiatzeko isuri honengatik, tartean GHKko zuzendaria.