NAIZ

Gasteizko aurpegi ezagunak, «elkarlanean oinarritutako jaien espiritua berreskuratzearen» alde

Gasteizko zenbait aurpegi ezagunek ‘Txosnak Guztiontzat’ manifestua sinatu dute. Diotenez, «garaiz gabiltza oraindik joko arauak berritu, formula eta espazio berriak sortu, eta elkarlanean oinarrituriko jaien espiritua berreskuratzeko».

Ostegun honetan aurkeztu zuten ‘Txosnak Guztiontzat’ manifestua.
Ostegun honetan aurkeztu zuten ‘Txosnak Guztiontzat’ manifestua. (TXOSNAK GUZTIONTZAT)

Oihane Perea, Rebeka Gonzalez de Alaiza, Mati Iturralde, Juantxu Ozkoz, Goiza Perez, Oier Azkarraga, Angel Madina ‘Bodegas’, Amparo Lasheras, Mikel Elorza, Patxi Garcia ‘Poio’ eta Gorka Aurrekoetxeak ‘Txosnak Guztiontzat’ izena duen manifestua aurkeztu zuten ostegun honetan.

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak jaietan txosna jarri ahal izateko Udalean egindako ezohiko baimen eskaera aztertu ostean, beraien ikuspuntua publikoki azaltzea erabaki dute, «konpondu gabe dagoen afera hau ahalik eta modurik egokienean bideratu dadin».

Haien ustez, «desberdin pentsatu ala ez, gazteen artean indar handia duen mugimendu berri batek jaietan besteen modura eta eskubide eta betebehar berdinekin parte hartzeko une honetan dituen zailtasunak oso larriak dira, eta aurrekari arriskutsu bat».

«Elkarri entzun eta geroz eta anitzagoa den gizarte, erakunde eta herri mugimenduen ehundura onartu dezagun. Garaiz gabiltza oraindik joko arauak berritu, formula eta espazio berriak sortu, eta elkarlanean oinarrituriko jaien espiritua berreskuratzeko», gaineratu dute testuan. Izan ere, beraien iritziz, «jaiak guztienak izan behar dira, eta baita jai eremuak ere».

«Gasteizko Udalean ordezkaritza politiko instituzionala duten alderdi politikoek ere jaietan guztion parte-hartzea bermatzeko ardura eta erantzukizuna dutela uste dugu, ez dagoela beste alde batera begiratzerik. Horregatik, une honetan soluziorik egokiena delakoan, Mugimendu Sozialistak txosna hiriko beste gune batean kokatu ahal izateko egindako eskariari erantzun positiboa eman diezaion eskatzen diogu Gasteizko Udalari», adierazi dute.