«Aurtengoan, denboraldi-aurrea apur bat motzagoa izango da. Lanerako aste bat gehiago izatea gustatuko litzaiguke baina ez da posible; lau astekoa izango da eta beraz, pilak jarri behar ditugu. Ondo lan egin behar da jokalariei karga gehiegi ez sartzeko eta lehendabiziko partidara, Rocasaren aurkakora, ahalik eta ondoen iristeko».
Joseba Rodriguez "Haito" Zuazoko entrenatzaileak egin duen balorazioa da honakoa. Lehen lan saioa bukatu berritan eskaini ditu adierazpenak eta, oro har, kontent bukatu du. «Jokalariak fisikoki ondo iritsi dira, nabari da oporretan ere lana egin dutela», azaldu du teknikariak. Astelehen arratsalde honetan bigarren saioa egingo dute eta aurreratu duenez, baloi gehiagorekin arituko dira eta taktikoki ere mugimenduak landuko dituzte.
Fitxaketekin eta pozik dago "Haito". Taldeko jokalari batzuk aurretiaz ezagutzeak egokitzapena erraztuko duelakoan dago basauriarra. Zuazok bost fitxaketa egin ditu aurtengo denboraldiko, izan dituen bost bajak ordezkatu asmoz. Fitxaketei dagokionez, hiruk jada esperientzia daukate Ohorezko Mailan eta horiek dira Nerea Gil (Sant Quirzetik iristen da), Sara Moles (Aula Valladolid) eta Andrea Zaldua (Zarautzen aritu da azken urteetan baina Bera Berarekin aritua da gorengo mailan).
Ane Valero eta Paula Molano, bestalde, Kukullaga taldetik datoz, Zilarrezko Mailatik, eta esperientzia hartzeko gogotsu iristen dira. Haito teknikariak, sare sozialen bitartez, espreski eskertu nahi izan zuen Etxebarriko taldea, «Ohorezko Mailako taldeen potentzialaren hazkuntza etengabea den honetan, talde lehiakorrak osatzea gero eta zailagoa baita».
El potencial de los equipos de @IberdrolaDHF no deja de aumentar hecho que complica cada vez más la confección de plantillas competitivas en @CbmZuazo. Por ello se agradece que Clubs como @KukuEskubaloi faciliten tanto las cosas para poder incorporar jugadoras. Mila esker 🍊🍊!!
— Jᴏsᴇʙᴀ (@josebarod69) July 16, 2022
Bajei dagokionez, hutsune nabarmenenak Anne Erauskin (Bera Beran jokatuko du), Paula Garcia Locay (igo berri den Beti Onaken arituko da) eta Ane Encinarenak (erretiroa hartu du) izango dira. Ana Arozamenak eta Ariane Blazquezek ere ez dute talde barakaldarrean jarraituko, lehendabizikoak Castron jokatuko du eta bigarrenak, Valentzian burutuko dituen ikasketengatik utzi du taldea.
Lagunartekoak
Denboraldi-aurreko lau aste hauetan, sei lagunarteko jokatuko dituzte bizkaitarrek. Lehendabizikoa, larunbat honetan, Zarautzen (19.00etan), Bera Beraren aurka. Goi-mailako proba izango da baina Joseba Rodriguezek oroitu du helburu nagusia «erritmoa hartzea» izango dela eta lehen aste hau lesiorik gabe bukatzea –iaz lehen egunean Naia Puigbok luzerako min hartu baitzuen, baita Ana Arozamenak ere Orion jokaturiko lagunartekoan–.
PRETEMPORADA 2022-23
— Club Balonmano Zuazo (@CbmZuazo) July 27, 2022
🤾♀️ Durante agosto nuestras #GuerrerasZuazotarras disputarán 6 partidos amistosos para llegar en forma al inicio de @IberdrolaDHF 💪💪💪
🆚️ @BalonmaBeraBera @Beti_guerreras @oargracia @CBLaCalzada @SportingLR
➕️ info: https://t.co/mEXtfAOfoO#ZuazoGara pic.twitter.com/Nfs9wNzGvw
Bigarren astearekin bukatzeko, Beti Onak izango dute arerio hilaren 13an, Atarribian bertan (20.00etan). Hirugarren astean bi neurketa jokatuko dituzte: hilaren 18an OAR Gracia Sabadellen aurka, Lasesarren (20.00etan); eta bi egun beranduago, 20an, Xixonen, La Calzadaren aurka (ordua zehazteke).
Denboraldi-aurreko azken astea ere beste bi partidekin bukatuko du, biak arerio berdinaren aurka: Sporting La Rioja. Abuztuaren 24an Logroñon jokatuko da partida (20.00etan) eta 27an, Trapagaranen (18.00etan).