Lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigor eskaera luzatu du Fiskaltzak Aiaraldeko hiru gazteen aurka Tubacexeko grebaren harira antolatutako piketeetan parte hartzeagatik. Desorden publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen dizkie.
'Airaldea.eus' aurreratu duenez, 2021ko martxoaren 25ean Amurrioko lantegian izandako liskarretan parte hartzeagatik epaituko dituzte gazteak. Egun horretan grebalariek suzko barrikada osatu zuten, eta Ertzaintzak bi aldiz kargatu zuen, borrak eta foam balak baliatuta.
Fiskaltzak dioenez, hiru gazteek «batera eta adostasunez» jokatu zuten, «bake publikoa asaldatzeko helburuarekin». Horregatik desorden publikoak eta autoritatearen aurkako atentatua leporatzen dizkiete.
2 urte eta 10 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du desorden publikoengatik; eta urte 1 eta 9 hilabetekoa, aldiz, autoritatearen aurkako atentatua egiteagatik. Ustez zauritutako hiru ertzainei 756 euro ordaintzea ere eskatu du Fiskaltzak, «eragindako lesioengatik».
Gainera, egun horretan Ertzaintzaren materialetan eta Tubacexeko zuzendaritzaren autobusetan pairatutako kalteak hiru gazteen gain jarri nahi ditu Fiskaltzak.
Auziperatutako gazteen artean Paula Gonzalez agertzen da. Honek iaz Aiaraldea.eus webguneari eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuenez, «salaketarekin mezu bat zabaldu nahi dute: Tubacexeko grebalariak babesteak ondorio negatiboak dituela».
Haren esanetan, «Coca-cola lata huts bat botatzea eta Instagramen bideo bat argitaratzea leporatzen didate. Uste dut neurririk gabekoa dela akusazioa, ez dago orekarik egindakoaren eta leporatu didatenaren artean».
Ertzaintzaren jazarpena
Egun hartan pairatutako kolpeak gogoratu zituen ere aipatutako elkarrizketa horretan. Ertzainek «besoan, bizkarrean eta ipurdian jo ninduten, eta ez zen izan kolpatzen ninduten lehen eguna».
Tubacexeko greba iraun zuen bitartean aurrera eraman ziren ekimenetan Ertzaintzaren jazarpena etengabea izan zela salatu zuten askotan langileek eta sindikatuek, eta askok gogoratzen dute poliziak martxoaren 25ean erabilitako tanketa.
📹 La Ertzaintza despliega incluso una tanqueta para despejar el paso a #Tubacex, cuyos trabajadores cumplen hoy 43 días en huelga indefinida en defensa del empleo https://t.co/LD9RuEkNEU pic.twitter.com/0RDx724KLe
— naiz: (@naiz_info) March 25, 2021
Langile eta gazteen aurkako kolpeak 2021eko apirilean errepikatu ziren Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, eta ekainaren 17an, Amurrioko epaitegien aurrean.
Cargas policiales contra los trabajdores de Tubacex frente al Parlamento #TubacexBorrokan pic.twitter.com/nzXRc7edST
— Ion Salgado (@Ion_Salgado) April 16, 2021
Ezker abertzaleak gogor kritikatu zuen Ertzaintzaren jarrera, eta asteazken honetan ere gazteen absoluzioa aldarrikatu du sare sozialen bitartean.
ADI‼️
— Ernai Aiaraldea (@ErnaiAiaraldea) August 3, 2022
Eskualdeko 3 gaztek 4 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigor eskaerak jaso dituzte Tubacexeko piketeetan langileon eskubideak defendatzen egoteagatik.
Elkartasun osoa auziperatuekin.#AbsoluzioaOrain https://t.co/63LdsR0Qyp
LAB: «Langile borrokaren aurkako jazarpen-estrategia»
LAB sindikatuak ohar baten bitartez gogoratu duenez, «ez da elkartasun hori zigortzeko lehen saiakera, ezta bigarrena ere; izan ere, bai grebak iraun bitartean, bai ondoren, isunak, mehatxuak, akusazioak eta neurrigabeko jarduerak ugariak izan dira, eta Tubacexeko langileek zein elkartasuna adierazi nahi izan dieten guztiek pairatu behar izan dituzte».
Azken espetxe-zigor eskaera hau langileen borrokaren eta elkartasunaren aurkako «jazarpen-estrategiaren barruan» kokatu du sindikatu abertzaleak: «Aurreko aldietan ikusi dugun moduan, eta salatu izan den bezala, botere eta estamentu desberdinetatik egindako jarduera horiek guztiak langile-borroka eta klase-elkartasun oro kriminalizatzeko estrategiaren barruan daude, Tubacexen greban eta borrokan ikusi ditugu, Euskal Herrian azkenaldian bizi izan diren beste gatazka batzuetan bezala».
Horregatik guztiagatik, 3 gazte horien aurkako akusazioak eta inputazioak bertan behera uzteko eskatu du, hala nola, langileenak edo Tubacex-eko pikete edo manifestazioetan parte hartu izan zuen edozein pertsonena.
ELA: «Neurrigabea»
ELAk, bere aldetik, neurriz kanpokotzat eta gehiegizkotzat jo ditu espetxe-eskaerak, eta salatu du «lan-protestak kriminalizatzeko beste saiakera bat dela, lan-esparrutik ateraz eta zigor-zuzenbidearen eta ordena publikoaren ildoan txertatuz».
«ELAk bere garaian salatu zuenez, Gasteizko Gobernuak ordena publikoko arazotzat hartu zuen Tubacexeko lan-gatazka, eta langileen borroka kriminalizatu nahi izan zuen, lanpostuak defendatzeko. Gasteizko Gobernuak enpresaren interesen alde egin zuen beti, eta Ertzaintza erabili zuen langileen ordezkariak miatzeko bileretara sartu aurretik», adierazi du ohar batean.
«Horrela, Eusko Jaurlaritzako agintari politikoek gatazka horiek kriminalizatzen lagundu dute; lan-gatazka arrunt baten ohiko egoerak zigor-zuzenbideko gai bihurtu dira. Kasu batzuetan, poliziaren jarduerak neurriz kanpokoak izan ziren Gobernuaren beraren aginduz, eta ondorioak langileek jasango dituzte», erantsi du.