NAIZ
Donostia

Donostian Urumea ibaian aldizka agertzen den zaborraren jatorria Fiskaltzak ikertuko du

Berriro gertatu da: Urumea ibaian, Donostiako Amara auzotik igarotzen den tartean, zabor mordoa agertu da. Bizikletak, etxetresna elektrikoak, besaulki bat, somier bat, hamar komun… Eguzki talde ekologistak eman zuen berriro abisua, eta Udalak salaketa ipini du, Ingurumen Fiskaltzak ikertu dezan.

Bizikletak eta komunak jaso dituzte berriro Urumea ibaitik, Donostian.
Bizikletak eta komunak jaso dituzte berriro Urumea ibaitik, Donostian. (Donostiako Udala)

Zaharrak berri Urumea ibaian. Urak Donostiako Amara auzotik igarotzen diren tartean berriro zabor mordoa azaleratu da, Eguzki talde ekologistak duela zenbait egun sareetan salatu zuenez. Argazkiak eta bideoak zabaldu zituzten ekintzaileek, eta Udalak garbiketa bat agindu zuen.

Bada, asteazken honetan aritu da hamar langilez osatutako taldea garbiketa lanetan. Horietako lau uretan aritu ziren zaborra bilatzen, eta gainontzekoak goitik burutu zituzten lanak, garabia eta beste makina batzuez lagunduta.

Orotara, 560 kilo zabor bildu zituzten Bizkaiko pasealekuaren aldean, Mundaiz eta Agirre lehendakariaren zubien artean. Udaletxeko Ingurumen sailak zehaztu duenez, denetarik jaso da: bost bizikleta, berogailuak, hamar komun, lehioak, somier bat, besaulki bat, hiru mikrohuin, arropa garbigailu bat, mahaiko ordenagailu baten dorrea. Honez gain, barbakoa bat, parrilla bat, eta lorezaintzarako makina baten egitura erretiratu ziren Urumeatik.

Zabor bilketa hau azkena egin zenetik lau hilabete baino ez direnean igaro burutu da, martxoan izan zen. Gainera, inguruan egin zen hura, zehazki Maria Cristina zubitik gertuago. Gauzak honela, eta denbora tarte laburrean maiz errepikatu den gertaera izaki, Donostiako Udalak salaketa egitea deliberatu du. Hortaz, kasua Ingurumen Fiskaltzaren esku dago eta berea da ikerketa abiatzeko eskumena.

Martxoko garbiketa, abuztuan eman den hau bezalaxe, Eguzki talde ekologistaren salaketaren ondotik eman da. Orduan, zortzi orduz luzatu ziren gabriketa lanetan zazpi tona zabor baino gehiago bildu ziren; zehazki, 7.280 kilo.