NAIZ

Malena Cavok eskuin belauneko kanpoko meniskoa hautsi du eta ebakuntza egingo diote

Bera Berako alboko argentinarrak entrenamendu saio batean hartu zuen min eta Poliklinikan eginiko erresonantzian zehaztu da eskuin baleuneko kanpoko meniskoa hautsita daukala. Ebakuntza ahalik eta lasterren egitea da asmoa eta klubak epea zehaztu ez badu ere, denboraldiko lehen zatia galduko luke.

Malena Cavo baloia pasa nahian Encina eta Berasategiren defentsa sendoaren aurrean. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Malena Cavo baloia pasa nahian Encina eta Berasategiren defentsa sendoaren aurrean. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Malena Cavo Bera Berako jokalariak denboraldiko lehen zatia galduko du. Eskuin belauneko kanpoko meniskoa hautsita daukala zehaztu du Poliklinikan eginiko erresonantzian eta errekuperazio epea ebakuntzaren araberakoa izango bada ere, ziur dagoena da hiruzpalau hilabete eman beharko dituela kantxetatik at.

Asteleheneko entrenamendu saio batean hartu zuen min jokalari argentinarrak eta atzo, asteartean, egin zioten azterketa Poliklinikan. Aipatu proba horren emaitzaren arabera, traumatologoak ebakuntza kirurgikoa gomendatzen du. «Jokalariaren asmoa da ahalik eta lasterren egitea kirurgia hori, ziurrenik datorren astean», adierazi du Bera Berak.

Cavo 2020 udaran iritsi zen Donostiara, hain zuzen ere O'Mullonyren lesio baten ondotik, alboko jokalariren baten falta sumatzen zuelako taldeak. Ordutik, bilakaera handiena izan duen jokalarietako bat izan da, isilpean iritsi zen jokalaria izanagatik, protagonismoa hartzen joan baitzen partidatik partidara.

Orain, iritsi zenetik lehen aldiz, hilabete batzuk eman beharko ditu kantxetatik at. Errekuperazio epea ebakuntzaren araberakoa izango da baina horrelako lesio baten errekuperazio aurreikuspena hiruzpalau hilabetekoa izan ohi da.

Bera Berak asteazken honetan jokatu du denboraldi-aurreko bigarren partida Merignac taldearen aurka, Baionan, eta 32-40 irabazi zuen. Udara honetako hirugarren hitzordua asteburu honetan izango dute donostiarrek, Celles sur Bellen jokatuko duten maila handiko txapelketan. Etxeko taldea, Danimarkako Ikast Handball eta Alemaniako Leverkusenen aurka neurtuko baitituzte indarrak.