NAIZ
Washington

Johnson & Johnsonek bere talko hautsak saltzeari utziko dio, haien segurtasuna ezbaian delako

Johnson & Johnson (J&J) enpresa farmazeutikoak umeentzako talko-hautsa merkatutik kenduko duela iragarri du, produktuak minbizia eragin dezakeela ziurtatzen duten salaketen ostean.

Mundu osoko saltokietatik erretiratu egingo dute Johnson & Johnson enpresaren talko hautsa.
Mundu osoko saltokietatik erretiratu egingo dute Johnson & Johnson enpresaren talko hautsa. (Mike MOZART)

Ohar labur batean, konpainiak zehaztu du ‘Johnson' s Baby Powder’ produktua mundu osoan saltzeari utziko diola 2023tik aurrera –duela bi urte eta erdi hartu zuen AEBetako eta Kanadako merkatuetatik erretiratzeko erabakia–, eta, aldi berean, iragarri du haurrentzako talko-hautsezko produktu guztietan trantsizio prozesu bat jarriko duela abian, maizenan oinarritutako konposizioa izan dezaten.

«Etengabe ebaluatzen eta optimizatzen dugu gure eskaintza, epe luzerako hazkunderako negozioa hobeto kokatzeko. Trantsizio honek gure produktuen eskaintzak sinplifikatzen, berrikuntza jasangarria eskaintzen eta gure kontsumitzaileen beharrak asetzen lagunduko du», ziurtatu du enpresak gutunean.

Hala eta guztiz ere, Johnson & Johnsonek bere talko kosmetikoaren hautsaren segurtasunaren inguruko bere jarrerari eutsi dio, esanez ez duela asbestorik eta, hortaz, ez duela minbizia eragiten, milaka estatubatuarrek konpainiari leporatu dioten bezala. Orotara 38.000 salaketa baino gehiago jarri dizkiote taldeari.

2017an, Los Angelesko auzitegi batek 417 milioi dolar (orduko 354 milioi euro) ordaintzera zigortu zuen multinazionala, 63 urteko emakume bati diagnostikatu zioten obulutegiko minbizi terminalaren erantzule zela iritzita.

Era berean, talkodun produktuen erabilerari lotutako arriskuez behar bezala ez ohartarazteagatik zigortu zuten enpresa, ‘Los Angeles Times’ egunkariak bere garaian jakinarazi zuenez.