NAIZ

Europako triatloi txapelketetan euskal koloreak janzteko eskubidea aldarrikatu dute kirolariek

Irailaren 17tik 24ra bitartean Kirol Anitzeko 2022ko Europako Triatloi Txapelketak eginen dira Bilbon. Europa osoko hiru mila atleta espero dira. Euskal kirolariak uniforme espainiarra edo frantsesa janztera behartuko dituztela gaitzetsi dute.

Euskal kirolariek espainiar eta frantziar uniformeak eraman beharko dituzte Euskal Herrian eginen den triatloian.
Euskal kirolariek espainiar eta frantziar uniformeak eraman beharko dituzte Euskal Herrian eginen den triatloian. (GU ERE BAI! KIROL EKIMENA)

Triatloi probak iritsiko dira Euskal Herrira udazkenarekin batera, baina bertako kirolariak espainiar eta frantziar estatuetako arropa erosi eta janztera behartuak izanen dira. Hala salatu dute Gu Ere Bai! kirol ekimenak eta euskal kirolariek.

Azaldu dutenez, programan ageri diren triatloian, duatloian, akuatloian eta beste probetan parte hartzeko ezinbestekoa da herrialde bakoitzeko uniforme ofiziala erostea eta erabiltzea. Eta ez selekzioetako edo eliteko kirolariek bakarrik, atleta popularrek ere bai, guzti-guztiek (Open frogan izan ezik).

Hala, euskal kirolariak uniforme gorri-hori espainiarra edo hiru koloreko frantsesa janztera behartuko dituzte.

Triatloi Federazio espainiarrarekin (FETRI) kontsultatu dute eta erantzun diete uniforme horiek janzteko araua betetzen ez duen kirolaria lehiaketatik kanpo utziko dutela.

«Iraingarria eta umiliagarria da»

«Gutariko askori iraingarria eta umiliagarria iruditzen zaigu Euskal Herrian antolatzen eta ordaintzen den txapelketa batean horrelako baldintza bat ezartzea», nabarmendu dute Gu Ere Bai! kirol ekimenekoek.

«Euskal Herriko kirolariok gure selekzioarekin eta janzkerarekin parte hartu beharko genuke. Nolanahi ere, besterik ezean, bakoitzak bere klubeko jantziarekin edo nahi duenarekin parte hartu ahal izatea bermatu beharko litzateke», erantsi dute.

Deia, «bidegabekeria hau gauza ez dadin»

Lakuako Gobernuari, Bizkaiko Aldundiari, Bilboko Udalari –lehiaketa hauek sustatu eta lagundu dituztelako, besteak beste–, alderdi politikoei, triatloi federazioei eta kirol taldeei indarra egin dezatela eskatu nahi diete, «bidegabekeria hau gauza ez dadin».

Halaber, txapelketetan parte hartzera animatu dituzte Euskal Herriko atletak, eta «zentzuzkoa den eskakizun hau azkeneraino eramatera» ere bai.

«Gauza bat da segurua: irteera puntuan egongo garela modu batera edo bestera. Gure koloreak eta aldarrikapenak kirol proban egongo dira. Espero dezagun zentzua nagusituko dela eta parte ahal izango dugula beste guztien baldintza berdinetan», adierazi dute.
 
Gu ere Bai! kirol ekimena eta Euskal Herri osoko kirolariak elkarlanean ari dira euskal kirolariak, koloreak eta herria nazioartean onartuak izan daitezen.