NAIZ

Tximistek «berebiziko eragina» izan dute aurten baso suteetan

Espainiar Estatuko Mendi Ingeniarien Kolegioko dekanoak, Eduardo Rojas Brialesek, aurten baso suteak sortzeko tximistek izan duten berebiziko eragina nabarmendu du. Klima larrialdiari errua bota ordez, prebentzioan, nekazaritzaren abandonuan eta mendien kudeaketa hobetzean zentratzea gomendatu du.

Elektrizitatea ikusgai, Gasteiz gaineko ekaitza batean.
Elektrizitatea ikusgai, Gasteiz gaineko ekaitza batean. (Raul Bogajo | Foku)

Eduardo Rojas espainiar Estatuko Mendi Ingeniarien Kolegioko dekanoak Europa Pressekin izandako elkarrizketan azpimarratu duenez, tximistek eragin bereziki handia izan dute aurten baso suteetan. Nahita piztutakoak baino aunitzez ere gehiago izan dira ekaitzek eragindakoak.

Euskal Herrian lau kasu behintzat frogatu dira: Melidan gertatu zen tximistek eragindako sute bat, joan den uztailean, eta aurretik, ekainan Nafarroa astindu zuten asteburuan, Leire, Olleta eta Arroizekoak modu berean piztu ziren.

Nahi gabeko jokaerei ere erreparatu die, suteen motibo izan daitezkeelako, eta klima larrialdia gero eta nabarmenagoa den agertoki honetan kudeaketa eta prebentzioa hobetzeko deia egin du.

Klima aldaketak mendian «estres gehiago eta erretzeko aukera gehiago» sortzen duen arren, erantzuna ezin da izan adituaren ustez «erru guztia horri bota eta dena arazo hori konpondu arte atzeratzea, «hamarkadatako borroka» izanen baita hori, «mundu osokoa».

Horregatik, mendi ingeniarien ordezkariak tokian toki ekitea gomendatu du, epe laburragoan, besteak beste nekazaritzaren abandonuari aurre egiteko eta mendi eta basoen kudeaketa hobetzeko. Izan ere, «su hartzeko baldintza klimatiko eta orografikoak ditugu», azaldu duenez.

Basoetan hazten denaren hirurena mozten da

Rojasek agertu duenez, gaur egun espainiar Estatuko basoetan hazten denaren hirurena soilik mozten da. Ebakitako hauek babestuago daude klima larrialditik, biomasa eta kanpoko energiaren hain mendeko ez izateko giltza diren beste material batzuk ematen dituzte, eta CO2aren isurketak gutxitzen dituzte.

Tokian toki har daitekeen beste neurri bat haragiaren ekoizpena estentsiboa izan dadin lan egitea da, negutegi efektuko gas gutxiago isurtzeko eta kalitatea handitzeko. Gainera, barnealdeko populazioa berreskuratuko litzateke horrela eta ur gehiago egonen litzateke erabilgarri, baso dentsitate handiek ur aunitz kontsumitzen dutelako.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren datuen arabera, espainiar Estatuan 162.447 hektarea erre dira aurten suteetan. Copernicus Europako behaketak, berriz, 236.000ra igotzen du zenbakia. Rojasek argitu duenez, sateliteak estimatutako zabalera baino txikiagoa izan ohi da azkenean kaltetutako eremua; hortik diferentzia.

Sute horietako «aunitz» ekaitz lehorretako tximistek eragin dituztela erran du adituak. Hauek ohikoagoak dira barrualdean eta mendi guneetan. Azaldu duenez, batez beste suteen %5en eragile izaten dira normalean tximistak, baina azalera handiagoak kaltetzen dituzte. Aurten baso sute handietako batzuk (500 hektarea baino gehiago erre dituztenak) hala sortu dira. Zehaztu duenez, tximistak beti izan dira arrazoi inportanteena mota honetako suteetan Aragoin, sistema iberiar osoan (Cuenca, Soria, Castellon barrualdea) eta Pirinioetan.