NAIZ

Izaro eta Laiotz, aurten inoiz baino estuago datorren «kontzertu lehiaren» lehen atalean

Sirimiri gaua izan bada ere, milaka ikusle bildu dituzte Donostiako Aste Nagusiko lehen gau honetan Sagueseko eta Flamenka guneko kontzertuek. Aurten musika eskaintza potentea dakarte egitarau ofizialak eta Donostiako piratenak; «lehia» estua izango da.

Su artifizialen ondoren bideak banatu ziren; batzuk Sagueseruntz eta beste batzuk kaia alderantz.
Su artifizialen ondoren bideak banatu ziren; batzuk Sagueseruntz eta beste batzuk kaia alderantz. (Andoni Canellada | Foku)

Euriak ez du apenas etenik izan ordu txikietan Donostiako Aste Nagusiko lehen gauean, baina horren gainetik musikarekin dantzatzeko gogoa nagusitu da jaietako bi musika esparru handienetan. Lehenengo «talka» baketsu honetan, Saguesen Izaro Andres mallabiarra izan da eta Flamenkan, aldiz, Laiotz plaza taldea, Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait musikarik osatua. Nor baino nor, esan genezake, ordu berean abiatzen baitira emanaldi hauek eta ondorioz biak disfrutatzea ezinezkoa izaten da.

Jendetza handia bildu du Izarok Monpas aldean. Etxean jokatzen zuen nolabait, jakina baita Donostiarekin duen lotura berezia, abesti batean ere bildu duena. Maiatzean Belodromoan 6.000 zale erakarri bazituen, gau honetan seguraski gehiago izan dira hurbildutakoak.

Kantu sentikorrak beste erritmo alaiago batzuekin tartekatu ditu abeslari gazteak eta gustura utzi ditu ikusleak, sare sozialetan ageri denez.

 

Flamenka Gunea ere mukuru beterik izan da Laiotz taldekoek gitarra, trikitixa eta abarrei doinua ateratzen hasi direnean. Plaza taldea den neurrian, kantu ezagun askoren bertsioekin osatu dute kontzertua, eskaintza anitza osatuz: AC/DCtik ETSra... Hemen Anne Lukin eta Gorka Urbizuren ‘Lisboa’ jo duten unea:

 

Gainerako agertokiak alboratu gabe, musika norgehiagoka nagusi honek zazpi mugarri izango ditu oraindik, datorren larunbata arte. Aurten, hala ere, musika mota ezberdinak izango dira egunero batean eta bestean, eta honek hautaketa erraztuko du.

Honela, igande honetan La M.O.D.A. arituko da Sagueseko agertoki erraldoian eta Physis versus Nomos eta Kerobia Flamenkako goxotasunean.

Astelehenean, Saguesen Ariel Rot eta Kiko Veneno, eta kaian Broken Brothers eta Zea Mays, azken hau gaueko hamaiketan. Abordajearen ostean seguru entzule asko erakarriko dituztela Aiora Renteriak eta bere taldekideek.

Asteartean Zetak arituko da Saguesen eta DJ Miau eta Lagunak Flamenkan.

Egun bat geroago gaita soinuak eskainiko dira Zurriola ertzean, Mitic ikuskizunarekin, eta dantzatzeko aukera bikoitza izango da piraten gunean: Skakeitan eta 3Gabe2.

Ostegunean Ana Guerra da egitarau ofizialaren proposamena, eta Ezpalak eta Niña Coyote eta Chico Tornadok astinduko dute Flamenka gunea.

Oraindik bi gau potente faltako dira, Aste Nagusia biribiltzeko. Ostiralean Green Valley iragarria dago Saguesen eta La Furia eta Merina Gris, aldiz, kaian. Eta larunbatean Gatibuk jarriko du dantzan Monpas aldea eta Dupla, Alvva eta Brava entzugai izango dira Flamenkan.