NAIZ

Idortearen aurkako neurriak luzatuko dituzte Ipar Euskal Herrian

Azkeneko egunetan euskal bazterrak blaitu dituzten euriek ez dute inondik inora idorteak eragindako arazo larriak konpondu. Gauzak horrela uraren eskasiari aurre egiteko indarrean dauden neurriak luzatzeaz gain horiek zorrozteko aukera aztergai dutela baieztatu du Euskal Elkargoak.

Errobi ibaia atzo Kanbo parean harturiko argazki batean.
Errobi ibaia atzo Kanbo parean harturiko argazki batean. (Guillaume FAUVEAU)

Idorte luzeak eragindako ur eskasia ez dute konpondu azkeneko orduetan gure bazterrak busti dituzten euriek. Idortearen eraginak aztertzeko Pirinio Atlantikoen Departamenduak eraturiko batzordea hala ondorioztatu du ostegun honetan eginiko bileran.

Gauzak horrela hiru lurraldetako 95 herrietan uraren faltari aurre egiteko harturiko neurriak luzatu soilik ez, seguruenik zorroztuko dituztela ere jakitera eman du Euskal Elkargoak.

Izan ere, egoeraren bikakaeraren arabera, erabaki zehatzak heldu den astean ezagutuko dira.

Aste honetan euria egin badu ere oraindik ere ur erreserbak «aski ahulak dira» lurraldearen hainbat eskualdetan. Egoera bereziki zaila izaten jarraitzen du Ipar Euskal Herriko «hego eta mendebaldean» batzordeak agiri batean zehaztu duenez.

Horrendako ur eskasiaren aurka borrokatzeko harturiko erabakiak bere baitan atxikiko dituzte eta horrekin batera «kontsumo arduratsuaren aldeko mezua» berretsi du batzordeak.

Oroitzearren, joan zen astean ura zisterna-kamioietan jasotzen hasi ziren Ortzaize eta Arrosako bizilagunak. Bestalde, Ühaitz Handia eta Biduze ibaietatik ura hartzeko murrizketak ezarri zituen Piririo Atlantikoen Prefekturak. Irailaren 30 arte atxikiko dute neurri hori gainera.

Lehorteari aurre egin ahal izateko neurririk zabalena abuztuaren 5ean abian ezarri zen Lapurdi eta Nafarroa Behererako 95 herrietako bizilagunei ur murrizketak ezarri zitzaizkienean.

Basoak itxita, baita hondartzak ere

Idortea alde batetik eta tenperaturen gorakadak bestetik suteak pizteko arriskua areagotu dutenez beste hainbat neurri hartu dituzte Lapurdin bereziki. Esaterako Angeluko La Pignada eta Lazaret basoak hetsiak dira, eta ez dago irekierako data zehatzik. 

Atzo, bestalde, euriteek beste ondorioa utzi zuten. Ura garbitzeko sistemak gainezka egiteko arriskua izanik, kutsadura baktereologikoa saihesteko neurri zorrotza hartu zuen Euskal Elkargoak. Bandera morea zintzilikatu zuen Lapurdiko 34 hondartzetan. Gaur, ordea, bainatzeko debekua altxatu dute 26 hondartzetan baita Senpereko lakuan ere.