Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Ez, ez dute horrenbesteko zintzotasun moralik

Berrikitan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Lakuako sailburuak ondokoa adierazi du, Vocento taldeko egunkarientzat egindako elkarrizketa batean: «Arduradun politiko gisa, gradu-progresioetarako proposatzen zaizkigun ETAko presoen espedienteak aztertzen ditudanean, espediente horiek irakurtzen ditudanean, mina eragiten dit eta emozionalki min egiten dit, biktimei eta gizarteari min handia eragin dietelako, baina baztertu egin behar dut, nire betebeharra legea betetzea baita».

Gaur egun, 2022ko urte honetan, giza eskubideen ikuspuntutik akaso beste zerbait esan beharko luke halako arduradun politiko batek, beste zerbaitek asaldatu beharko luke giza eskubideak zaindu nahi dituen arduradun politiko bat halako espedienteak irakurtzerakoan. Izan ere, preso horiek bereziki pairatu dute kartzela politika bidegabea. Zigorrak luzatu dizkiete era eta mota guztietako trikimailuak erabiliz, eta baldintza ezin gogorragoetan bete dituzte dozenaka urte kartzelan: sakabanaketa, urrunketa eta isolamendua.

Sailburuaren adierazpen horiei zintzotasun morala baino askoz gehiago zinismoa darie.

Zer arrazoi dago hitz horien atzean? Bi hipotesi antzeman daitezke: lehenengoa, espainiar eskuinetik eta biktima elkarte batzuetatik datorren presioari ihes egitea, jakinda euskal preso politikoei pixkana onartzen ari zaizkien eskubideak gauzatu egin behar direla, horretarako gutxieneko adostasuna lortu delako.

Nonbait, mendekuan oinarritutako betiko kartzela politikak biktimen minari hobekiago erantzuten dio, sailburuaren hitzen arabera. Moralki, antza, mendekua onuragarriagoa da

Bigarren hipotesia sinpleagoa da, nahiz eta sakoneko irakurketa okerragoa izan dezakeen. Artolazabalek benetan horrela pentsatzen duela. Benetan mina sentitzen duela, eta kartzela politika berri bat aplikatzera behartuta dagoela Madrilgo Gobernuaren bueltan PSOEk, EH Bilduk eta EAJk gai honetan zehazki lortu duten adostasun mailagatik. «Nire betebeharra legea betetzea da», gogo txarrez bada ere. Nonbait, mendekuan oinarritutako betiko kartzela politikak biktimen minari hobekiago erantzuten dio, sailburuaren hitzen arabera. Moralki, antza, mendekua onuragarriagoa da. Artolazabal, nolabait adieraztearren, Grande Marlaskaren pare jarri da, hark ere gogo txarrez asumitu ohi baititu presoen arloan egindako urratsak.

Azken hipotesi horri jarraituz, ardura hartu duten azken belaunaldiekin gertatzen ari den fenomeno kezkagarri bat ageri da. Espainiako eskuineko indarretan edo epaileetan nabarmena da. Belaunaldi berriek are gotorragoak eta gogorragoak direla erakutsi nahi dute, erregea baino erregetiarrago. Euskal gatazkaren muin politikoa erabat ukatuz eta errepresio neurri zorrotzenak goraipatuz, zalantza izpirik gabe.

Jelkideen munduan beste horrenbeste gertatu da, eta Euskal Herriko gatazka armatuari begiratzeko orduan Madrildik ezarritako printzipioekiko homologazioa da nagusi. Burukideek beti egurtu dute gogotik ezker abertzalea, baina batzuetan zenbait irakurketa propioago bat egiten saiatu izan zen.

Adibide historiko batekin esplikatzearren, askotxo litzateke Txomin Iturbe hil zenean Bizkaiko Buru Batzarreko presidente zen Jesus Insausti Uzturreren hitzen antzekoak erabiltzea: «Abertzale handia zen, abertzale oso-osoa, eta hori ez genuke inoiz zalantzan jarriko». Artolazabalek Txomin «terrorista» bat baino ez zela izan esango luke, baina sikiera saiatu zitekeen Espainiako Barne eta Justizia ministroek bata bestearen atzetik markatutakoaren arrastotik ez ibiltzen. •