NAIZ

Mai Garde eta Oier Sanjurjori Iruñeko Zapia ematea erabaki du Iruñeko Udalak

Iruñeko Udalak asteazken honetan jakinarazi duenez, hiriko zazpigarren zapia emango die Mai Garde eta Oier Sanjurjori, joan den denboraldian Osasunako emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitainei, bi jokalarien «dedikazioa, sakrifizioa eta irmotasunagatik».

Oier Sanjurjo eta Mai Garde.
Oier Sanjurjo eta Mai Garde. (Iñigo URIZ | FOKU)

Udalak Iruñeko Zapia emango die Mai Garde eta Oier Sanjurjo Osasunako emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitainei. Bozeramaileen Batzarrak aho batez hartu du asteazken honetan erabakia, eta bi jokalarien «dedikazioa, sakrifizioa eta irmotasuna» goraipatu du, bai eta kausa sozialetan duten inplikazioa ere.

Udalak ohar batean nabarmendu duenenez, kausa sozialetan eredu izan dira Garde eta Sanjurjo hiriko haur askorentzat. Biek, gainera, gorritxoen diziplina utzi dute uda honetan, klubaren balioak urte askoan defendatu ondoren.

Aitortza irailaren 8an, osteguna, izango da, 12.00etan, Udaletxeko harrera-aretoan. Bertan izango da Enrique Maya Iruñeko alkatea eta baita Udalbatzako kideak ere. Batasunaren Pribilegioaren festaren karietara Udalak sari hori ematen duen zazpigarren aldia izango da. Bereizgarri gisa, hiriko armarria brodatuta duen zapi gorri bat eta Batasunaren eskultura bat entregatuko diete jokalariei.

Iruñeko Zapia, Udalaren araudiak jasotzen duenez, ohorezko sari bat da, eta bere helburua eguneroko lanagatik, ibilbide pertsonal edo profesionalagatik, modu aktiboan eta nabarmenean Iruñeko hiriaren proiekzioa sendotzen lagundu duten pertsonak, fisikoak edo juridikoak, saritzea da.

Ibilbide profesional arrakastatsuak

Oier Sanjurjo Mate (Lizarra, 1986) Osasunako kapitaina izan da 2019ko urtarriletik. Gaztetan iritsi zen talde gorritxora, Izarra Kirol Elkartetik, eta Ohorezko Mailara igotzea lortu zuen. Burladesen Hirugarren Mailan utzita denboraldi bat egin ondoren, 2005-2006 denboraldian egin zuen debuta Osasuna Promesasekin. 2007ko abenduaren 12an jokatu zuen lehen partida lehen talde gorritxoarekin. Hortik aurrera, hamabost denboraldi egin zituen elastiko gorritxoa defendatzen, 2011-2012 denboraldian izan ezik, Celtara iritsi baitzen, eta Galizako taldearekin Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Gaur egun, Zipreko AEK Larnaca taldean jokatzen du, eta denboraldi honetan Europa League jokatuko du.

Mai Garde Echalecuk (Iruñea, 1987) Burlades CDan hasi zuen bere ibilbidea, eta ondoren CD Amayan, CD Lodosan eta CD Mariñon jarraitu zuen. 2009an iritsi zitzaion elastiko gorritxoa janzteko lehen aukera. Lagunak, Orvina eta Txantreara joan aurretik bi denboraldi eman zituen areto futbolean.

2017-2018 denboraldian, Garde Osasunara itzuli zen proiektu berriaren buru izateko. Iberdrola Ligara igotzea lortu du, eta maila gorenera igotzea lortu du behin baino gehiagotan. Iragan denboralditik, Emakumezkoen Osasunaren harrobiaren berregituraketaren ondoren, talde gorritxoaren oinarrizko futbolaren koordinatzailea da. Gainera, Nafarroako hainbat eremutan jokalari gazteenekin egiten diren teknifikazioen arduraduna da.

Zazpigarrena

Iruñeko Zapiak futbol-zaporea du aurten ere, 2019an Alberto Undiano Mallenco nazioarteko epaile ohiari sari hori eman ondoren. Iruñeko Zapia 2016an hasi ziren banatzen. La Mañueta Txurreriaren jabea, Paulina Fernandez, izan zen lehen saritua. 2017an Javier Pagola kazetariak jaso zuen saria, eta 2018an Elisa Sesmak, Pablo Sanchez-Valverdek eta Mari Cruz Landak jaso zuten, Andraize Sexu Informazio eta Plangintzarako Zentroari lotutako ibilbide profesionalagatik.

2020an, pandemia betean, Iruñeko Zapiak Medikuntza eta Erizaintzako esparru profesionalen lana aitortu zuen covid-19ak eragindako egoeragatik. Iaz, Iruñeko Udalak Juan Jose Martinena historialaria saritu zuen. Datorren astean Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak berretsi egin beharko du Mai Garde eta Oier Sanjurjori 2022an Iruñeko Pañuelo – Iruñeko Zapia emateko proposamena.