Jon Ormazabal

Jokin Altunaren pilota goseak aurretik eraman ditu Urrutikoetxea eta Rezusta Hondarribian

Azken hiru asteak pilotalekuetatik at eman baditu ere, izugarrizko erakustaldia eman du amezketarrak jokoan 14 tanto ere amaituz. Emaitza honekin, Jaka-Zabaletak ere Masterseko finalerdiak jokatuko dituzte.

Jokin Altunak partida latza jokatu du Hondarribian.
Jokin Altunak partida latza jokatu du Hondarribian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ez omen da gozagarririk ez dakarren berri txarrik eta Jokin Altuna uda honetan izaten ari den lesio txikiek ere ekarri dituzte euren gauza onak. Alde batetik, amezketarra astero, udan ia egunero, ikusten ohituta, irrika bereziz hartu ditugu bere aurtengo berragerpenak eta, batez ere, Amezketako aurrelariak horren gutxi behar du bere mailarik onena berreskuratzeko, partida bakoitza gozagarri izaten ari dela.

Aurreko bietan bezala, fresko eta pilota gosez itzuli da gaur Hondarribira eta Jostaldin eman duen erakustaldia aspaldian aurrelari batek eman duen handienetakoa izan da, batez ere partidaren lehen erdian. Denetara 14 tanto egin ditu jokoan –4-12koan 9 zituen berak eginak– eta erauntsi horren aurrean ezer gutxi egin ahal izan dute lehiaketatik at geratu diren Urrutikoetxea-Rezustak. Izan ere, gipuzkoarren 7-22ko garaipenarekin, ostiralean 17 tanto egin zituzten Jaka-Zabaletak aurrera egin dute eta Ezkurdia-Mariezkurrenaren aurka jokatu beharko dute finalerdietako bat. Irribarria-Albisu izango dira gaurko garailearen arerioak.

Bestelakorik espero bazen ere, Hondarribiko partidak kolore bakarra izan du, hasiera txukun baten ondoren Urrutikoetxea-Rezusta 4-2 aurreratu badira ere. Zaratamokoak eta bergararrak jokatzeko zeudela ziruditen hasiera horretan, baina benetan jokatzeko zegoena Jokin Altuna zen eta amezketarraren pilota goseak aurretik eraman ditu. Lehen tantotik, fresko, pilota guztiak gozatuz eta aurkariak alde batetik bestera mugitzen aritu da amezketarra, atsedenak sekulako mesedea egin izan balio bezala. Donostiako eta Bilboko feriak galdu izana nahikoa zigor izan zen beretzat eta bueltan pilotakada bakoitzaz disfrutatu nahiko balu bezala.

Goitik-behera

2-1ekoan aukera aukerako pilota bat behera bota badu ere, hasiera txundigarria izan du aurrelari gipuzkoarrak, errematean zorrotz, baina baita bere buruari kolpez aukera handiak sortuz, tantoa atzean amaitzen ez zuenean. Ale ikaragarriak utzi ditu Altuna III.ak Hondarribian, zabal zabaletik 4-5ean jotako bi paretakoa bezalakoa.

Hainbesterako, Ander Imazen lan ikaragarria ere itzalean utzi duela. Baina ez litzateke justua izango oiartzuarraren partida handia aipamenik gabe uztea, berak ere partida latza jokatu baitu. Rezustari eusteaz harago, kilimak ere bilatu dizkio bergararraren eskuina bilatuz, ez du huts bakarra egin eta kantxa asko betetzeaz gain, bi tanto ere lortu ditu, bata suertez eta bestea boleaz bi paretako on bat jota.

Eta aurkarien nagusitasun horren aurrean, Urrutikoetxea eta Rezustak ez dute ezer egiterik izan eta azkar xamar partidatik irten ere egin dira, nahiz eta gutxitan izango duten, 22ra heldu gabe, aurrera egiteko beste aukerarik. Kontua da 18 tanto behar zituztela eta gaurko Altuna-Imazen aurka horrek ezinezkoa zirudiela.

FITXA TEKNIKOA:

Urrutikoetxea-Rezusta: 7

Altuna III.a-Imaz: 22

Pilotakadak: 438. Iraupena: 51,02 minutu. Markagailua: 0-2, 4-2, 4-12, 5-12, 5-13, 6-13, 6-19, 7-19, 7-22. Sakeak: 0 Urrutikoetxeak eta 2 Altuna III.ak. Egindakoak: 3 Urrutikoetxeak, 0 Rezustak, 14 Altuna III.ak eta 2 Imazek. Galdutakoak: 2 Urrutikoetxeak, 2 Rezustak, 4 Altuna III.ak eta 0 Imazek. Gorabeherak: Sarrera erdi inguru Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan. Lehen partidan Iñigo Bikuñak min hartu eta partida bertan behera utzi behar izan du.