Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

EAEko Hezkuntza Lege berriaren bidean, behin-behineko aurreproiektua aurkeztu du Lakuak

Lakuako Hezkuntza Sailak lege berriaren aurreproiektua zabaldu du gaur, eta bertan baieztatu egiten da Bigarren Hezkuntza bukatutakoan ikasleek B2 maila lortu beharko dutela euskaraz zein gaztelaniaz. Matrikulazio prozedura bakarra izango da, eta dokumentuan sistemaren doakotasuna azpimarratzen da.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, ikasturte hasiera dela-eta Donostiako Intxaurrondo Hegoa ikastetxera egindako bisitan.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, ikasturte hasiera dela-eta Donostiako Intxaurrondo Hegoa ikastetxera egindako bisitan. (IREKIA)

Apirilaren 7an Hezkuntza Lege berriaren oinarriak onartu zituen Gasteizko Parlamentuak, Ganberako lau alderdi nagusien babesa jasota. Helburua, hainbeste zauri eta arrakala eragin zituen 1993ko legea atzean uztea. Ordutik, Hezkuntza Saila lanean aritu da hitzartutakoa oinarri hartuta legearen aurreproiektua egiteko, eta gaur zabaldu dute haren edukia.

Bidea ez da oraindik bukatu, ekarpenak jasotzeko epea irekiko baita, eta geroxeago, aurreproiektua finduta dagoenean, Exekutiboak Legebiltzarrera igorriko du lege izateko prozedurak aurrera jarrai dezan. Baina, ordurarte, hauexek dira sei atal eta 102 artikulu dituen lehen zirriborroaren ildo nagusiak.

B2 maila Bigarren Hezkuntzan

Hizkuntzari dagokionean, eta zabaldutakoaren arabera, EAEko Hezkuntza sistema «eleanitza» izango dela nabarmentzen du testuak, betiere «euskara ardatz» izango duena, eta bi hizkuntza ofizial eta gutxienez atzerriko bat kontuan hartuko dituena.

Ildo honetan, eta alderdien arteko akordioan zehaztutakoari jarraituz, zenbait helburu ezartzen dira. Hala, ikasleek euskaraz nahiz gazteleraz B1 maila lortu beharko dute Lehen Hezkuntza bukatzen dutenean, eta B2 maila bi hizkuntza horietan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutakoan. Hori hala dela bermatzeko, Lakuako Hezkuntza Sailak «ebaluazio tresnak» jarriko ditu, eta haien jarraipena egingo du. Ez da zehazten, edonola ere, «sistema eleaniztun» horretan orain arteko ereduek lekurik izango duten edo ez.

Bestetik, irakasleen kasuan, formakuntza planak bultzatuko dituzte euskara C1 maila edo gehiago lortzeko, eta baita ingeles C1 maila ere.

Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortzeko asmoa zehazten du dokumentuak. Haren xedea, besteren artean, irakasleak euskal kultura transmititzeko gaitzea, euskal curriculuma lantzea, eskola materialaren sorkuntza antolatzea eta eskola eremuan normalizazio planak bultzatzea izango litzateke.

Udal Hezkuntza Kontseiluak

Prozesuaren hasiera-hasieratik, gaur egun agerikoa den segregazioari aurre egiteko beharra nabarmendu dute akordioa erdietsi duten alderdiek, eta, alde horretatik, dokumentuak aipatzen du matrikulatzeko orduan prozedura bakarra ezarriko dela Euskal Autonomia Erkidegoan. Zehazki,  31. artikuluak jasotzen du  matrikulazio prozedura bakarra ezartzea, eta prozedura guztia udalekin lankidetzan egingo da,  horretarako sortuko direlarik Udal Hezkuntza Kontseiluak.

Kontseiluen helburua, besteak beste, herrietako beharrak identifikatzea eta eskaintza antolatzea eta banatzea izango da, eta, alde horretatik, gurasoek erakunde horietan bertan jaso ahalko dute informazioa, ikastetxeetara banan-banan gerturatu beharrean.

Zirriborroaren arabera, ikasleen sarbide eta onarpen-prozesua «ekitatearen, hezkuntza-inklusioaren, gizarte-kohesioa sustatzearen eta eskuragarri dagoen hezkuntza-eskaintzaren barruan ikastetxea aukeratzeko eskubidea errespetatzearen printzipioen» arabera arautuko da, eta zirriborroak gaineratzen du, ikastetxe jakin batzuetan ikasle kalteberen kontzentrazioak saihesteko, barruti edo eremu bakoitzean hezkuntza-proiektu integralak garatuko direla. 

Horiek hala, finantziazio publikoa jasoko duten itunpeko ikastetxeek ikasle zaurgarrienak ere onartu beharko dituzte eta doakotasuna bermatu, eta ezingo diete irakaskuntzagatik kuotarik kobratu familiei. Aipatzen denez, Hezkuntza Sailetik jarraipen estua egingo zaie itunpeko ikastetxeei, auditoretzak egingo zaizkie, eta kontabilitate gardena izan beharko dute. Gaineratzen da ez dela sexu edo genero aldetik bereizketarik onartuko.

Zirriborroaren arabera, EAEko hezkuntza sistema osoa doakoa izango da, itunpeko zentroak ere bai, eta, beraz, ikastetxe horiek ezingo dute kuotarik kobratu derrigorrezko hezkuntza eskaintzeagatik. Testuak gaineratzen du Hezkuntza Sailak ikuskapenak egingo dituela zentro horietan, doakotasuna betetzen dela bermatzeko.

Taldeen eta sailburuaren balorazioak

Hezkuntzaren gaineko akordioa hitzartu zuten taldeen artean, EH Bilduk iragarri du «Hezkuntza Akordioari fidelak izanik beharrezko ekarpenak» egingo dituela «gure sistemak behar duen eraldaketa ahalbidetzeko».Eta ziurtatu du, Ikoitz Arrese legebiltzakidearen hitzetan, koalizioak «Hezkuntza komunitatearen parte hartzea bermatuko» duela Ganberan emando den prozesuan zehar.

Elkarrekin-Podemosek, aldiz, modu publikoan adierazi du bere jarrera, eta aipatu du zabaldutako zirriborroak ez diola erantzuten Legebiltzarrean adostutakoari. Aldiz, Miren Gorrotxategi talde horretako eledunak «propagandatzat» jo du argitaratutako testua.

Gasteizen hedabideekin egindako bilera batetan, Gorrotxategik adierazi du Lakuako Gobernua ez dela hitzartutako akordioa betetzen ari, eta iragarri du bere taldeak ez diola babesik emango iragan udaberrian lotutako testuarekin bat ez datorren proiektu bati.

Salatu duenez, taldeek abuztuan jaso zuten zirriborro horretan «ez dago neurri edo aipamen bakar bat ere» segregazioa saihesteko jarraitu behar diren irizpideei buruz, eta ez dago eskola publikoak izan behar duen «lehentasuneko» garrantziaren inolako aitorpenik, ezta eremu guztietan plaza publiko nahikoak bermatuko dituen «ezer».

Bildarratz sailburuak, bere aldetik, berak zuzentzen duen sailak testua «zuzenduko» duela adierazi du, behin aurkeztu ondoren jasotzen dituen iritziak kontuan hartuta.

Izan ere, bihartik aurrera eta heldu diren hogei egunetan –lan egunak–, interesa duten eragileek ekarpenak egin ahal izango dizkiote testuari. Eta, gogora ekarri duenez, «gizartearekin egingo den entzun eta hitz egiteko prozesu» horren ondoren, testua Parlamentura itzuliko da, talde politikoen arteko eztabaidarako. Eta babes nahikoa badu, «argia ikusiko du».

Kontseiluaren kezka

Eta eragileak, dagoeneko hasi dira iritziak ematen. Zirriborroa ezagutu eta beherala, Euskalgintzaren Kontseiluak haren gaineko balorazio orokorra egin du. Prentsa oharrean aipatzen duenez, modu positiboan baloratzen du Legeak berariaz jasotzea zein diren ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak derrigorrezko hezkuntza amaitzerako, eta «egokitzat» jotzen du legeak hitzarmenean adostutakoari jarraitzea. Halere, kezka adierazi du legea horretara mugatzen delako. «Horra iristeko euskal hezkuntza-sistemak ez du zehazten zein hizkuntza-ereduri jarraituko dion», deitoratu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

«Euskal hezkuntza-sistema eleaniztuna berreste du lege-zirriborroak, baina ez du zehazten nola interpretatu behar den sistema eleaniztuna izatea hizkuntza-ereduari dagokionez», azpimarratu du Bilbaok, eta gogoratu du hasieratik eskatzen ari direla zehaztapen hori, «alegia, hurrengo urteetako hezkuntza-sistemaren hizkuntza-eredua ezar dadila, horrek zerikusi zuzena izango duelako belaunaldi berri euskaldunak lortzearekin».

Kontseiluaren iritzirako, Legebiltzarrak onartu zuen hezkuntza-hitzarmenarekin alderatuz gero, orduko bertsioak bere egin zituen berrikuntza interesgarriek ez dute islarik izan aurkeztu berri den lege-zirriborroan. Horrela, Kontseiluak hitzarmenaren balorazioa egin zuenean positiboki hartu zuen, esaterako, bi hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza bermatuko duen eredu inklusibo orokortua defendatzea. Baina Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera «tamalez, eredu inklusibo orokortua ez da modu esplizituan jasotzen legean». «Aitzitik, une oro esparru eleaniztuna jasotzen du, eta modu horretan lausoegia geratzen da, gure ustez, hizkuntzaren afera. Adierazi genuen hitzarmenak garapen desberdinak izan ditzakeela, baina hizkuntzaren eremuan ez ditu elementu indartsuenak jaso», kritikatu du.

Horrekin batera, Kontseiluak nabarmentzen du badirela hitzarmenak jaso eta Legeak ere bere egin beharko lituzkeen bestelako elementuak, hala nola euskara lehenetsi egingo dela hezkuntza-sistemaren baitan, hezkuntza jarduerak zein harreman profesionalean, edota euskara erreferentzia-hizkuntza gisa indartzea eta hizkuntza-gaitasunaz harago euskal kulturaz jabetu beharra.

Oharrean aipatzen duenez, Kontseilua Hezkuntza legeari begirako «ekarpen integrala jorratzen ari da, eta ekarpenean hainbat esparru nola jaso beharko liratekeen proposatuko duela iragartzen du: «Hezkuntza-sistemaren helburuak; Ikasleen eskubideak; Curriculuma; Hizkuntza-eredua (printzipioak, langileen hizkuntza-gaitasuna, irakasleen prestakuntza); Ikastetxeetako hizkuntza-proiektua; Ebaluazioa; Ikastetxeetako hizkuntza-jarduna; Euskararen herriko beste lurraldeekiko lankidetza... Etorkizuneko hezkuntza ardaztuko duen legeak integrala izan behar du, eta, gutxienez, esparru horiek guztiak arautu behar dituelakoan gaude», gaineratzen du Kontseiluak, eta, ildo honetan, proposamena Euskaraz Hazi Berdintasunean Hezi dinamikarekin bat egin zuten eragileekin partekatu, eta adostasunak eraikiko dituela adierazten du.

Kritika zorrotza Steilasek

Steilasek ere ez du begi onez ikusten zirriborroa. Aipatu sindikatua oso kritikoa izan zen Parlamentuan onartutako akordioarekin, eta gaur aurkeztutako dokumentuaren harira nabarmendu du «hau ez dela sindikatu eta eragile sozialen parte hartzearekin jorraturiko lege bat».

«Lege-proiektu hau Hezkuntza Batzordeak onetsitako oinarrien txostenaren garapen soila da eta noranzko berean doala baloratu du Steilasek ohar batetan, eta gaineratu du egitasmoaren «abiapuntua, hau da, asmatutako Euskal Hezkuntza Zerbitzua», ez dela «zuzendu» eta «guztiz pribatizatzailea» izaten jarraitzen duela, «Euskal Eskola Publikoa lehenetsi gabe eta hainbat hezkuntza eragilek egin ditugun ekarpenak jaso gabe».

Steilasen aburuz, «ikastetxe pribatuen biziraupena bilatzen duen lege honek segregazioa areagotuko du» eta, beraz, alferrikakotzat jotzen du «dagoeneko eraginkorrak ez diren segregazioaren kontrako neurriak ezartzea, hauek egituraz segregatzen duen sistema dualari partxeak jartzeko baino ez baitute balio».

«Argitu edo hobetu» beharrekoak ikusten ditu LABek

Ohar baten bitartez, LAB sindikatuak jakinarazi du datozen egunotan sakontasun handiagoarekin aztertuko duela argitaratutakoa, baina dagoeneko ohartarazi du «hezkuntzako langileon aldarrikapenak lortzeko eta egungo hezkuntza-sistema gainditzeko borrokan» jarraituko duela.

Nolanahi ere, «argitu edo hobetu beharreko puntuak» badaudela adierazi du sindikatu abertzaleak, tartean autonomia estatutuak ezarritako esparrutik harago «inolako adierazpenik» ez duela jasotzen, euskararen arloan zehaztasun falta dagoela edota egungo sistema duala «betikotzeko» asmoa dagoela.

Gabezia «nabarmenena» euskal hezkuntza zerbitzua osatuko luketen ikastetxeen betekizunak betearazteko kontrol mekanismoetan dagoela uste du LABek, bereziki, betebeharrak betetzen ez dituzten ikastetxeek izango dituzten ondorioak ez dituelako jasotzen aurreproiektuak; doakotasunari, euskalduntzeari, hezkidetzari edo inklusioari dagokionez, adibidez.

«Erabat kezkagarria da –gaineratu du– laikotasunaren afera, oso modu lausoan agertzen da eta ez du bermatzen diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan doktrinamendu erlijiosorik ez dutenik egingo».

Sindikatuaren iritziz, hezkuntza-legea «sare publiko bakarrerako trantsizio tresna» izan beharko litzateke.