NAIZ

Gasteizko garraio publikoa dohainik ostegun honetan, Autorik Gabeko Eguna dela eta

Ostegun honetan Gasteizko garraio publikoa doakoa da egun osoan zehar, Autorik Gabeko Eguna dela eta. Taxietan, bestalde, hiru euroko hobaria emango dute ibilaldi bakoitzeko. Asmoa garraio publikoaren erabilera sustatzea da.

Gasteizko tranbian ostegun honetan ez dago ordaindu beharrik..
Gasteizko tranbian ostegun honetan ez dago ordaindu beharrik.. (Juanan RUIZ | FOKU)

Egunean zehar Tuvisako hiri-autobusetan eta tranbian bidaiatzen duten pertsona guztientzat doakoak dira bidaiak. Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearen barruan kokatzen da ekimen hau eta garraio kolektiboaren erabilera sustatzea du helburu. Doakotasuna hiriko autobus-linea guztietan aplikatuko da, Bei-an barne, baita tranbia-sare osoan ere, egun osoan zehar.

Gasteizko taxi-sektoreak bat egin du Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin ere bai, eta gidariek hiru euroko deskontu-txartelak banatuko dizkiete garraio publiko hori erabiltzen duten bidaiari guztiei. Udalak jakinarazi zuenaren arabera, deskontu-txartela hauek urte amaierara arte erabili ahalko dira.

Garraio publikoaren erabilera sustatzeko egin da ekimen hau, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen hitzetan, «garraio publikoa funtsezko elementua da energia-kontsumoaren ikuspegitik hiri jasangarriagoa eta eraginkorragoa izateko».

Bestalde Udalak neurria jakinarazi zuenean, Iñaki Arriola, Lakuako Gobernuko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraiorako sailburuak hiritarrak «doako jardunaldi honetan tranbia eta hiriko gainerako garraiobideak modu masiboan» erabiltzera bultzatu zituen. «Ekimen honek Gasteizko garraio publikoaren kalitatea eta irisgarritasuna balioesten baititu», gehitu zuen.

Foru-garraioan ere bai

Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko Departamentuak diruz lagundutako Alavabuseko lineetan eta Eskualdeko Garraio Zerbitzuan bidaiatzea doakoa da ostegun honetan zehar ere bai, bidaiari guztientzat.

Neurri hau 2016an ezarri zen lehen aldiz, eta Araba Erdialdeko, Arabako Errioxako eta Aiarako emakideetako Alavabuseko 1 eta 16 tarteko lineen erabiltzaileei, Gasteiz Miranda de Ebrorekin eta Durangorekin lotzen duten 18. eta 19. lineei eta Lurralde Historikoko landa-gune txikietan zerbitzua ematen duten eskualdeko garraio-linea guztiei egingo die mesede.