NAIZ

Gora egin dute Iranen gazte kurduarraren hilketaren protestatan hildakoak

Errepresioak ez ditu kikildu Aminiren hilketaren aurkako protestak. Bakarrik Kurdistanen jada 11 dira hildakoak. Hauei beste hiri batzuetan erahildakoak gehitu behar zaizkie. «Moralaren Poliziak» gaztea atxilotu zuen zapia gaizki eramateagatik. Ziegan hilda agertu zen.

Protestak eta errepide mozketak Teheran hiriburuan.
Protestak eta errepide mozketak Teheran hiriburuan. (AFP)

Hengaw Giza Eskubideen aldeko erakundeak jakitera eman duenez,  11 dira Kurdistanen Mahsa Amini gazte kurduarra zapia gaizki eramateagatik komisaldegian hilda agertu ondoren protesten errepresioaren ondorioz hildakoak.

Horietako bi Divandare herrikoak dira, beste lau Piranshahrm, Saqqez, Dehgolan eta Qasr-e Shirin herrikoak eta beste lau Urmia hirian erahil dituzte Irango indar armatuek.

Gobernuz Kanpoko Erakundeak ziurtatu duenez, zauritutakoak 400dik gora dira. 500 pertsona atxilotu dituzte eta zauritutako asko ez dira ospitalera gerturatzen atxilotuko dutenaren beldur.

Protesten epizentroa Irango ipar-mendebaldean dagoen Ekialdeko Kurdistan da baina manifestazioak herrialde osora hedatu dira, Teheran hiriburura barne.

Jendea kalera atera da 50tik gora hiri eta herrietan, 2019an gasolinaren garestitzeak 2019an eragin zuen protesten ondoren handienetan. Orduan 100dik gora hildako onartu zuen Errepublika Islamikoak, baina bertako iturriek ehunka izan zirela salatu zuten.

Gobernu islamdarrak 11 hildako onartu ditu, baina hauen artean lau polizia, bat Mashad hirian, bestea Qazvinen (erdialdea), hirugarrena Chiraz-en (erdialdea) eta azkena Tabrizen (Ekialdeko Azerbaiyaneko probintzian).

Hildako zibilak 7 izan direla gaineratu du Teheranek, baina bakarrik lau zenbatu ditu, beste bi Kermanshah hirian eta azkena Qazvinen. Hilketa hauetan inolako erantzunkizunik ez duela ziurtatu du Gobernuak.

«Moralaren Polizia» eta Basij miliziak

23 urteko Mahsa Amini gazte kurduarra irailaren 13an atxilotu zuen «Moralaren Poliziak» Teheranen zapia ondo ez jazteagatik. Hiru egun geroago konortea galdu, koman erori eta hil zen. Torturak eta tratu txarrak pairatu zituela salatu dute lekukoek.   

«Moralaren Poliziak» Basij milizia paramilitarraren laguntza izaten du emakumearen aurkako eraso hauetan, batez ere unibertsitateetan.