NAIZ
Bilbo

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du Sarek urriaren 8rako egindako deialdiarekin

Salbuespenezko espetxe politikari amaiera emateko garaia dela salatu dute sindikatuek batera ostiral honetan Bilbon eta lanean jarraitzeko dei egin dute, hitzordu zehatz bat bultzatuz: Urriaren 8koa.

Gehiengo Sindikalak eta Sarek Bilbon egin duten elkarretaratzea, Bilbon.
Gehiengo Sindikalak eta Sarek Bilbon egin duten elkarretaratzea, Bilbon. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Hilabeteko azken ostiralero Bilbon egiten duten elkarretaratzea probestuz, euskal gehiengo sindikalak adierazi du Izan Bidea dinamikaren baitan Sarek urriaren 8rako Donostian antolatu duen egitarauarekin bat egiten duela. Goizean mobilizazioa egingo da, eta arratsaldean jaialdia.

Bi mezu nagusi zabaldu nahi izan dituzte. Batetik, euskal preso politikoak etxetik «geroz eta gertuago» daudela adierazi du Javi Quintanilla CGT-LKN sindikatuko ordezkariak. Eta horrekin batera, euskal gizartea «prest» dagoela etxerako itzulera «materializatzeko». Bigarrenik, gogoratu du oraindik ere bidea dagoela egiteko, eta urruntze politika eta salbuespen egoerari amaiera emateko garaia dela.


Izan Bidearen baitako dinamika sindikalaren laugarren urtea dutela adierazi dute, eta sindikatuen «desberdintasunen gainetik» euskal presoen etxeratzearen aldarrikapenak batzea positiboki baloratu dute.

Aitor Lexartza Sareko ordezkariak Ion Paroten eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu izana aurrera urrats bat dela azpimarratu du. «Gizarte zibilaren lanak emandako fruituaren emaitza da, eta honek, lanean jarraitzeko indarra ematen digu», adierazi du.

Festa eta aldarrikapena batu nahi ditu Sarek urriak 8an Donostian. Goizean azken kilometroa egin eta mobilizaziora gerturatzeko deia egin du, eta arratsaldean jaialdia egongo da Ilunben.