Marcel Pena

Iharraren heriotzaren inguruko bertsio ofizialaren «gezurra» salatu du Egiari Zorrek

Egiari Zor Fundazioak Juan Antonio Aranguren 'Iharra' omentzeko ekitaldian nabarmendu du «bertsio ofizialen kutxa iluna» ireki behar dela, duela 50 urte Urdazubin hil zen Deustuko gaztearen heriotza argitzeko.

Egiari Zorrek Deustuko Done Petri plazan egindako ekitaldia.
Egiari Zorrek Deustuko Done Petri plazan egindako ekitaldia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Egiari Zor Fundazioak Juan Antonio Aranguren Mujika, Iharra, gogoratzeko ekitaldia burutu du ostiral honetan, ETAko militantea Guardia Zibilarengandik ihesean zebilela Urdazubin hilik suertatu zenetik 50 urte betetzen direnean.

Deustuko Done Petri plazan egindako ekitaldian, Egiari Zor Fundazioaren izenean, Bilboko Amistad kalean Guardia Zibilak hildako Jose Migel Bustinzaren alaba Maiana Bustinzak aldarrikatu du «bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzeko beharra», Iharraren heriotza –eta beste batzuk gehiago– argitzeko.

«Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira hamarkada luzeetako indarkeria eta konfrontazio armatuaren ondorioz. Gure geografian hainbat indarkeria egon dira, eta giza eskubideen urraketa eragin dute; mina eta sufrimendu handia», gogoratu du Egiari Zorren bozeramaileak, «Poliziaren indarkeriaren, salbuespeneko espetxe-politikaren, eskuin muturrekoaren, gerra zikinaren, torturaren edo Estatuko segurtasun-indarrekin ustezko liskarretan» hildakoei erreferentzia eginez.

Zentzu honetan, Iharraren kasua gogora ekarri du Bustinzak: «Duela 50 urte Guardia Zibilak Juanan Aranguren Mujika deustuarra hil zuen Urdaxen. Guardia Zibil frankistek beraiekin izandako liskar armatu batean hil zela esan zuten. Hiltzaileen gezurra nagusitu zen, bertsio ofiziala bilakatuz». Horregatik, duela urte batzuetatik daramatzate errepikatzen «ezinbestekoa dela Bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzea», «bertsio ofiziala benetako krimenak ezkutatzeko» eraiki zelako.

Amaitzeko, «akats izugarria, ulertezintzat» jo dute Lakuako Gobernuak aurten ekitaldi instituzionalik ez egitea ofizialki aitortu diren Estatuaren bortxaren biktimen omenez, eta «elkarbizitza demokratikoa» eraikitzeko asmoz, eskatu dute «konfrontazio armatuaren ondorioak gainditzea, pertsona guzti guztien eskubide guztiak bermatzea, baina baita, izaera politikoko gatazkaren arrazoiei heltzea ere».

Bi lagunen gutunak

Ekitaldian bertan egon ezin izan diren Iharraren bi lagunek idatzitako gutunak irakurri dira. Lehena, Jabier Salutregirena, Iharraren haurtzaroko laguna. 'Egin' egunkariaren zuzendaria izan zenak gazte deustuarraren «sineste eta idealak beren bizitzaren aurretik jarri zituela» nabarmendu du, Euskal Herri independente eta sozialista baten alde borrokatuz.

Bigarrena, Joseba Abaituaren gutuna, Iharraren «anaia eta kidea». Hasi baino lehenago, Abaituak Jon Ander Larreategi gogoratu nahi izan du, «Guardia Zibilarengandik ihesi zioan talde horren hirugarren kidea». Larreategi duela lau urte hil egin zen, baina bere arreba presente egon da. Iharrari buruz, Abaituak beren «lehen urratsak» azpimarratu nahi izan ditu: «Frankismoari aurre egitea eta, batez ere, Euskal Herriaren alde borrokatzea, independentzia helburu».

Aranguren Mujika familiaren izenean, Iharraren ilobak eskerrak eman dizkio Deustuko herriari, «berak hasitako borroka mantentzeagatik eta bere oroimena gaur arte ekartzeagatik».