NAIZ

Ikastolen Elkarteak «ausardia» eskatu dio Lakuari, Hezkuntza Sistema propioa eraikitzeko

Ikastolen Elkarteak «ausardia eta adorea» eskatu die Lakuako Gobernuari eta alderdi politikoei Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propioa eraikitzeko «urrats erabakigarria» emateko.

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu, ikasturtean hesiera ekitaldian.
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu, ikasturtean hesiera ekitaldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

2022-2023 ikasturtearen hasiera ekitaldia egin dute larunbat honetan ikastolek, Bergarako Seminarixoa aretoan. Duela egun gutxi Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak argitara eman duen Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa izan da aipagai nagusia ekitaldian, eta ikastolek testuarekiko desengainua hartu duten arren, konfiantza adierazi dute ekarpenekin, zuzenketekin, negoziazioekin, adostasunekin, «benetan behar dugun hezkuntza lege bat» onduko dela sinetsita.

Zirriborroak alde onak badituela aitortu du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk: «Esaterako, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera, doakotasun printzipioa eta helburua jasotzea eta nola ez, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak jasota egotea».

Desengainuaren arrazoiak azaldu ditu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, besteak beste, «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartuko diren ikastetxeek ez dituztelako eskubide eta betebehar berak edukiko, eta, beraz, publiko-pribatu dikotomiari eusten diolako», «derrigorrezko ikasketen amaieran ikasleek lortu beharreko euskararen ezagutza maila ezarri arren, ez duelako aipatzen murgiltze eredurik, edota Hezkuntza Itunean ageri zen ikasteredu orokortu inklusiborik» edo «Euskal Herriaren aipamena falta zaiolako».

Horren aurrean, Ikastolek Hezkuntza Lege berria, hezkuntza-sistema berri bat, Euskal Herrirako sistema propio bat sortzeko nahi dutela adierazi du Tellituk. «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa osatzea lortu nahi dugu, publikotasun kontzeptu berri bati ateak irekiko dizkiona, eta bertara bildu ahalko dira funts publikoekin hornituriko ikastetxeak, bakoitzaren nortasunari eutsita eta eskubide eta betebehar berekin, hezkuntza zerbitzuaren ezaugarriak beteko dutenak eta ikasle guztien hezkuntza eskubidea, inolako bazterkeriarik gabe, bermatuko dutenak».

Ekitaldian Lakuako Hezkuntza Saileko arduradunak eta alderdi politikoetako ordezkariak zeudela aprobetxatuta, «ausardia eta adorea» eskatu die berriro Tellituk ikastolen izenean, onartuko duten legea Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propioa eraikitzeko «urrats erabakigarria» izan dadin.

Hautetsien ekimena Parisen

Berriki Ipar Euskal Herriko hautetsiek frantziar Estatuko Hezkuntza Ministerioko kideekin egindako bilera ere mintzagai izan du Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Aurten ikasleek brebeta euskaraz egiteko aukera izateaz baikor itzuli ziren hautetsiak, eta baxoaz mintzatzeko beste hitzordu bat lotu zuten.

Ikastoletan baikortasun hori zuhurtziaz hartu dute: «Badakigu zein zaila den Parisek gure hizkuntza eskubideak errespeta ditzan lortzea; badakigu zein erraz kentzen dizkiguten eskubideak, eta zenbat ahalegin egin behar ditugun haiek berreskuratzeko. Baina ez dugu etsiko, eta erantzuna nahi dugu ahalik eta lasterren; erantzun baikorra esan nahi baita», azaldu du Tellituk.