Oihane Larretxea
Astigarraga

Astigarragak Gabonetako argiak piztearen alde bozkatu du herri galdeketan

Astigarragako Udalak galdeketa loteslea proposatu du Gabonetan herria argiztatu edo ez deliberatzeko. Astebetez izan da iritzia emateko aukera eta epea amaituta, badituzte emaitzak: %61,3k argiak piztearen alde eman du botoa. 15.200 euro inguruko aurrekontua izan ohi du instalakuntzak.

Astigarragak herritarrekin hainbat gai kontsulta bidez deliberatzeko bidea egina du.
Astigarragak herritarrekin hainbat gai kontsulta bidez deliberatzeko bidea egina du. (Gorka RUBIO | FOKU)

Astigarragako herriak kaleak argiztatuko ditu Gabonetan. Hala egingo du herritarrei auziaren bueltan galdeketa lotesle bat medio erabakitzeko aukera eman ondoren. Udalak NAIZ-i astelehen goiz honetan aurreratu dion bezala, %61,3k baiezkoa eman du; botoa eman dutenen %38,7k kontrara, ezetz adierazi du.

«Gabonetako argiak bai» edo «Gabonetako argiak ez» ziren erantzun posibleak astebetez irekita egon den galdeketa telematikoan. Irailaren 16tik 23ra internet bidez ahalbidetu da parte hartzeko aukera, honela egiteko zailtasunak zituzten herritarrei Erriberako harreran bertan egiteko aukera ireki zaie.

Udalak hedabide honi azaldutakoaren arabera, 16 urtetik gorako herritar guztiek izan dute parte hartzeko aukera, eta guztira 269 pertsonak eman dute beren iritzia. «Egia da parte hartzea ez dela oso altua izan, baina erabakia loteslea da eta emaitzarekin aurrera egingo dugu», adierazi dute iturri berberek.

Balorazioa, zenbakiak zenbaki, oso positiboa da edozein kasutan Udalarentzat, «Astigarragak hainbat gai herritarrekin parte hartze prozesu bidez konpartitzeko duen izaera indartzen duelako».

Argindarraren prezioaren gorakada

Galdeketa hutsala izatetik urrun dago, izan ere urtero urtero Gabonak gerturatzen diren neurrian argien eztabaidak «kalera salto» egiten duela aitortzen dute Udaletxeko iturriek.

Herritarrak ekonomiarekin kezkatuta daude, eta gastuaren inguruan urtero pizten den eztabaidak elementu erantsi bi ditu: inflazioa eta argindarraren prezioaren gorakada. «Argindarraren prezioa garestitzen ari da etengabe, bidezkoa uste genuen auzi honen inguruan iritziak partekatzea. Diru publikoarekin Udaletxeak zer egiten duen herritarrekin erabakitzea».

Udalak berak galdetegian zehazten zuenez, 15.200 euro inguruko aurrekontua izaten da argien instalakuntzan eta kontsumoan. Herria modu «xumea» apaintzen dela adierazi arren, gaiak bere garrantzia duela uste du Udalak.