NAIZ

Kontseiluak, ELAk eta LABek 15 urteko epemuga jarri dute EAEko sektore publikoa euskalduntzeko

EAEko administrazio publikoa euskalduntzeko bidean, Kontseiluak, ELAk eta LABek bederatzi atal eta hainbat neurri dituen proposamen mardula adostu dute. Hizkuntza eskubideen «bermea» erdiesteko egitasmoa dela, eta gehiengo zabal baten babesa duela nabarmendu dute gaur goizean egindako agerraldian.

Paul Bilbao, Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu aurreko agerraldi batean.
Paul Bilbao, Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu aurreko agerraldi batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EAEko administrazio publikoaren euskalduntzea arautuko duen dekretuaren inguruko eztabaida abiatu berri denean, ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak administrazio-zerbitzu horiek euskalduntzea helburu duten oinarrizko proposamenak aurkeztu dituzte gaur goizean.

Mitxel Lakuntza, ELA sindikatuko idazkari nagusiak; Garbiñe Aranburu, LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak; eta Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak, agerraldia egin dute astelehen honetan, eta azken honek nabarmendu du «egungo egoeratik aurrerapauso garrantzitsuak egiteko ordua dela», eta asmo horrekin bat datozela hiru eragileak. Ildo horretan, oinarrizko proposamena adostu dute, haren hitzetan «sektore publikoa euskalduntzeko nahikoa oinarri eta neurri sendoak jasotzen dituena».

«Lankidetza-bide honek bakoitzak egingo lukeen proposamenetik urrunago joatea eskatu digu», azaldu du Bilbaok, eta nabarmendu du gaur aurkeztu dutela «gehiengo sindikalak eta euskalgintzaren bilgune garrantzitsuenak mahai gainean jartzen dugun oinarrizko adostasuna» dela.

Proposamenak dituen beste ezaugarri nagusiei dagokienean, administrazioaren euskalduntzeari «epe zehatza» jarri diotela aipatu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak, hamabost urtekoa, hain zuzen, «auzi honi determinazio osoz eta atzerapenik gabe erantzuteko garaia dela uste dugulako». Izan ere, gaineratu duenez, kontuan izan behar da datozen urteotan langile publikoen erdiak hartuko duela erretiroa, eta belaunaldi aldaketa hori «abagune aparta» dela «administrazioa euskalduntzeko langile guztiei erreparatuko dien trantsiziorako prozesu batekin».

Eskubideen bermea erdietsi

«Hamabost urtetan administrazioan, lanpostu guztietan euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatzea nahi dugu, horrela bakarrik bermatuko baita euskaldunek euskarazko zerbitzua jaso ahal izatea, gaztelaniadunek bezalaxe», azpimarratu du Bilbaok, eta gaineratu du era berean, horrela bakarrik bermatuko dela langile euskaldunek euskaraz lan egin ahal izatea.

Abiatutako bidea «eskubideen bermea erdiestekoa» dela esan du, eta ez dela, beraz, «inoren kontra eraikitzen». «Prozesu guztian egun administrazioetan lanean ari diren eta euskarazko ezagutzarik ez duten langile publikoentzat euskararen ezagutza jasotzeko bide eta baliabideak aurreikusi dira, edota salbuespenak bide hori, adin edo bestelako arrazoiengatik, egin ezin dutenentzat», gaineratu du, alde horretatik.

Eta agerraldian zehaztu duenez, proposamena bederatzi multzotan banatu dute: «helburu eta epe zehatzak ezartzea; langileen beharrezko hizkuntza gaitasuna; euskarazko zirkuituak eta unitateak sortzea; derrigortasun indizearen sistema gainditzea; langileak euskalduntzeko formazio programa sendoa (formaziorako baliabideak eta liberazioak); lan-poltsa eta deialdi berriak; langileen mugikortasunari buruzko irizpideak; hizkuntza-erabilera irizpideak; eta derrigortasun-data ez betetzearen ondorioak eta salbuespenetarako aukera».

Formazio programa sendoa

Lakuntzak multzo horien zehaztapenak eman ditu, eta nabarmendu du aipatu helburua aurrera ateratzeko «lan baldintza duinak ere beharrezkoak» izango direla, «behin-behinekotasuna euskararentzat oztopo delako administrazioaren euskalduntzeko prozesuak aurrera eramateko, are gehiago Hego Euskal Herriko administrazioetan behin-behinekotasuna %40koa denean».

Hau esanda, ELA sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du proposamenaren lehen neurria helburu eta epe zehatzak ezartzea dela. Hiru eragile hauen iritzirako, «sektore publikoaren euskalduntzeari begira ondorengo helburu orokorrak finkatu beharko lirateke: bost urtean herritarrekiko euskarazko harremana bermatzea, eta hamabost urtean sektore publikoak euskaraz jardutea».

Horrekin batera, herritarrekiko euskarazko zerbitzua bermatzeko, eta langileen euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeko, «lanpostuz lanpostu herritarren eta lankideekin duten harremanaren arabera hizkuntza-gaitasun zehatza» definitu beharko dela uste dute, 15 urteko ikuspegi horrekin.

Gainera, eta beste hainbat neurriekin batera, proposamenak «euskarazko zirkuituak eta unitateak» sortzea jasotzen du. «Lehengoen kasuan, herritarrak euskaraz artatzea bermatzeko, euskaraz jardungo duen zerbitzu-katea definitu beharko da», azaldu du Lakuntzak, eta gaineratu du bigarren kasuan lan-jarduna euskaraz garatuko duten unitateei buruz ari direla. «Unitate horretako langileek euren lan harremanak euskaraz garatzeko behar besteko gaitasuna izan beharko dute», aipatu du.

Kontseiluak, ELAk eta LABek azpimarra jarri dute «langileak euskalduntzeko formazio-programa sendoetan eta horri zuzendutako askotariko baliabideetan». «Sektore publikoa euskalduntzeko proposamen serio batek neurri zehatzak hartzea eta baliabideak ezartzea eskatzen du», azpimarratu du Lakuntzak.

Lan poltsak eta deialdi berriak

Aranburuk, bere aldetik, azken egunotan hizpide izan diren lan-poltsei dagokienez, eta deialdi berriei dagokienez ere, proposamenenan neurriak jaso direla adierazi du. «Kontuan hartuta gaur egun lan-mundura jauzia egingo duen belaunaldia aspaldiko belaunaldi elebidunena izango dela –%80tik gorako ezagutza tasa–, jauzia egiteko aukera eskaintzen digu», baloratu du LABeko koordinatzaile orokorrak, eta ezinbestekotzak jo du «lanpostuek deialdi berri guztietan B2 hizkuntza-eskakizuna, gutxienez, ezarrita izatea, eta lanpostuaren funtzioari edo betekizunari lotutako proba bat, gutxienez, euskaraz izatea».

Gaur goizean aurkeztutako proposamenak langileen mugikortasunari buruzko irizpideak ere jaso ditu, izan ere, Aranburuk gogora ekarri duenez, «langileen mugikortasun handiko sektorea dugu». Zentzu horretan, «langileen egonkortasuna bultzatzea administrazioaren euskalduntzea bultzatzeko neurri egokia dela» uste dute hiru eragile hauek. Eta, horrekin batera, «langileen mugikortasunak administrazioaren euskalduntze-prozesuari ahal den neurrian laguntzeko eta, edozein kasutan, ez kaltetzeko irizpideak finkatu behar direla».

«Kontuan hartu behar da hizkuntzaren erabilera-irizpideak arautu ezean, beti nagusituko dela hizkuntza-hegemonikoa», nabarmendu du Aranburuk, eta, horregatik, hizkuntza-hegemonikoak gutxiagotutako hizkuntza lehenesteko irizpideak ezartzea ezinbestekoa dela azpimarratu du.

Gaur aurkeztutako proposamena Lakuako Gobernuak zabaldutako prozesuan ekarpen gisa sartuko dutela azaldu du LABeko koordinatzaileak, eta alderdiei bidaliko dietela, «aintzat hartu dezaten». Gaineratu du beren egitasmoak «gehiengo zabal baten babesa» duela, eta «epe zehatz eta egingarriak jartzen dizkiola administrazioaren euskalduntzeari».

Horiek hala, «zinez» uste dute «Eusko Jaurlaritza jorratzen ari den dekretuak proposamen honetan jasotako neurriak bere egin behar dituela, baldin eta, dekretuak administrazioa euskalduntzeko eta herritarren zein langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko eskatzen dituen urrats eragingarriagoak egingo baditu».