Garazi Castaño

Getxo eta Arrasateko bertso saioen laburpena

Saio bikoitzarekin abiatu da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Getxoko saioan Alaia Martin oiartzuarrak lortu zituen puntu gehien eta Arrasatekoan, Joanes Illaregik. Biak lortu dute finalaurrekoan kantatzeko txartela. Kulturharianen asteburuko bertso ariketa onenak bildu ditugu. 

Audio_placeholder

Getxo eta Arrasateko bertso saioen laburpena

Loading player...
Bertso gosez heldu zen atzo entzulegoa Getxora. Alaia Martinek lortu zituen puntu gehien.
Bertso gosez heldu zen atzo entzulegoa Getxora. Alaia Martinek lortu zituen puntu gehien. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Saio bikoitzarekin abiatu da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Getxoko saioan Alaia Martin oiartzuarrak lortu zituen puntu gehien eta Arrasatekoan, Joanes Illaregik, 678 puntu. Biak lortu dute finalaurrekoan kantatzeko txartela. Illarregi eta Martinek urriaren 22an abestuko dute Elizondon, haien zain izango da Unai Agirre. 

Goraino bete zen larunbatean Getxoko Munitibarri Zentroa Bertsolari Txapelketa Nagusiari hasiera emateko. Urtebeteko atzerapenarekin etorri da Txapelketa Nagusia eta zaleen gogoa handia da. Alaia Martin oiartzuarrak lortu zituen puntu gehien, 738 puntu. Eta bere ganbarako lana izan zen arratsaldeko ariketarik onena epaileen iritziz. Haren atzetik, Nerea Elustondo (695), Agin Laburu (685), Oihana Bartra (653,5), Unai Mendizabal (635) eta Peru Abarrategi (627) geratu ziren.

Igandean, Arrasateko Amaia Udal Antzokian izan zen hitzordua eta 700 bertsozale elkartu ziren Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren saioaz gozatzeko. Joanes Illarregi izan zen lehena, 678 punturekin. Segidan joan ziren Saioa Alkaiza (673 puntu), Iñaki Apalategi (664), Xabat Illarregi (659), Miren Amuriza (646,5) eta Gorka Pagonabarraga (616). Xabat Illarregik azken orduan igo zen oholtzara, Xabier Silveiraren azken orduko bajaren ondorioz. 

Datorren asteburuan hitzordu bikoitza berriz. Larunbatean, Gotaine-Irabarnen eta, igandean, Gasteizen. NAIZ irratian bi saioetako bertsoaldi onenak ekarriko ditugu, astelehenean arratsaldeko 15:00etatik aurrera.