Alaia Sierra

Gasteizko Udalak Haurren Auzoa ireki du, proiektua martxan jarri zuten herritarrik gabe

Gasteizko Alde Zaharrean eraiki berri den aisialdi gunea ireki dute astearte honetan. Hiritarren parte-hartzearekin egindako proiektua den arren, martxan jarri zuten gurasoak duela urtebete aldendu ziren egitasmo honetatik.

Berriztatutako plaza, Haurren Auzoa
Berriztatutako plaza, Haurren Auzoa (Gasteizko Udala)

Gasteizko Udalak Alde Zaharrean Haurren Auzoa proiektuaren barruan berriztatutako Etxauri plaza ireki du astearte honetan. Hala ere, proiektua proposatu eta martxan jarri zuen hiritar taldea duela urtebete aldendu zen proiektutik, «Udal Gobernuaren interesetan oinarrituta» dagoela argudiatuta.

Gorka Urtaran, Gasteizko alkateak; Raimundo Ruiz de Escudero, Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak; eta Borja Rodriguez, Herritarren Partaidetzako, Gardentasuneko eta Gizate Etxeetako zinegotziak izan dira Etxauri plazan egindako aisialdirako gune berria astearte honetan aurkeztu dutenak.

Plazan egindako lanak Europar Batasuneko ‘Next Generation’ planaren barruan bideratu dira. Pandemiak eragindako kalte ekonomiko eta sozialak konpontzea da honen helburua, diru-laguntzak eskainiz.

Borja Rodriguez zinegotziak gogorarazi duenez, Haurren Auzoa proiektua Vitoria-Gasteiz Hobetuz hiritarren parte-hartze tresnaren barruan sortu zen. Bultzatzaileek ohar baten bidez salatu dute lau urte beranduago egin dela eta haurren beharrak kontuan hartu beharrean, turismoa bultzatzen duten inbertsio handiak oinarrian direla.

Alkateak bultzatzaileek salatutakoa «harrigarria» dela adierazi du, hasierako proiektua ez dela «batere» aldatu esanez eta ‘Next Generation’en bitartez Europako funtsak aprobetxatu direla hiritarrek gutxiago ordaindu zezaten.

Eremu «berritua eta segurua»

Zaharkituta zegoen parkea berritu eta birgaitzea izan da asmoa, irekieran azaldu dutenaren arabera. Itsasontzi baten branka itxura eman nahi izan diote, Gasteizko hegoaldea ikustea ahalbidetzen duen eremu altu batekin.

Helduentzako ariketa-fisikora bideratutako tresnataz gain, haurrentzako eskalada gune bat, txirristak, ping-pong mahai bat eta saskibaloiko bi saski jarri dituzte. Azken hauek bata bestearen ondoan kokatu dituzte, Ruiz de Eskuderoren hizetan «joko ez lehiakorra sustatzeko». Belar-hegal bat ere badago, eserlekuekin, eszenatoki gisa erabili ahal izango dena.

Haurrentzako jolasa segurua izatea bermatzeko, aparkaleku baten zorua zegoen lekuan asfalto iragazkorra jarri dute. Horrela, azaldu dutenaren arabera, lurzoruaren tenperatura jaitsiko da eta ura inguruko landareek aprobetxatuko dute.

Europarako beste lau proposamen

Astearte goizean egindako tokiko gobernu-batzordean, ‘Next Generation’ proiektuaren parte izateko beste lau proiektu proposatu dituzte, alkateak iragarri duenez. 48 milioi euroko inbertsioa behar izango dute, baina Europatik honen erdia jasotzea espero dutela adierazi du Gorka Urtaranek.

Batetik, autobusaren laugarren linea elektriko bihurtzea; bigarrenik, Jundiz eta Gamarra industriaguneetan bidegorriak jartzea; Legutioko Atea berritzea, eta, azkenik, eskola-gune seguruak bultzatzea proposatu dute.