NAIZ

Lanera itzuli aurretik egin zuena baieztatu eta gertatu zitzaionaren berri eman du Larrionek

«Krak egin nuen, kontrola galdu nuen», azaldu du Miren Larrionek, bere dimisioa ekarri zuten gertaerei buruz eman duen lehen elkarrizketan, asteazken honetan Euskadi Irratian. Osatze prozesuan jasandako laguntza eskertu du eta aurrera egiteko gogoa agertu: «Zigor permanentea ez da zilegia».

Miren Larrion, artxiboko irudi batean.
Miren Larrion, artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Miren Larrionek, EH Bilduko Arabako zerrendaburua izan zenak, elkarrizketa eskaini dio Euskadi Irratiari asteazken honetan, zenbait delitu egiteagatik hiru urteko espetxe zigorra jaso ondoren lehenbiziko aldiz. Urte eta erdiko bajaren ostean unibertsitatera lanera itzultzear dela, egin zuena onartu du eta buruko gaitzaren ondorioa izan zela berretsi du.

Agiria faltsuztatzea eta lapurreta delitu arina egin izana onartu zituen Larrionek akordio bidezko epai horretan, arazo sikologikoak argudiatuta. Gaur ere berretsi izan du delitu horiek egin egin zituela. Gainetik azaldu du: «Lankide baten kartera aurkitu nuen» eta hori bizi zuen «egoera gogorrean irtenbide gisa» erabil zezakeela pentsatu zuen. Estresak jotako bizimodua ekarri du gogora gai horretan, non «hiperbijilantzia» sentsazioa zuen, «erasoak» sentitzen zituen eta bere ardurak uzteko aukerarik ez zuen ikusten.

«Burua fragmentatu zitzaidan, disoziatuta nengoen», aipatu du Miren Larrionek. Hiperfagia, lorik egin ezina, beroaldiak... sintoma batzuk ziren, «baina nik ez nuen ikusten».

Gertatutakoa azaldu zenean, Ertzaintzak ikerketa abiatu ondoren, kartera hartu zion langilearengana joan zela eta dimisioa aurkeztu zuela ekarri du gogora. Gero lagun ezberdinengana abiatu zen eta orduan konturatu zen «inork ez zuela nik egindakoa ulertzen, nigan zentzua zuen arren. Gau hartan alabak esan zidan ‘kontrola galdu duzu’, eta horrela zen». Sikologo bat beharko zuela pentsatu zuen Larrionek, baina ez, «sikiatra bat, esan zidaten».

Ekaitz mediatikoari nola egin zion aurre galdetu diotenean, «isolatu nintzen», erantzun du Larrionek: «Erabat aldentzea ezinezkoa da. Sufrimendua da hau guztia. Besteak beste herri batean egongo balira bezala ikusten dituzu, iluntasunean bizi zara».

Bere buruaz beste egin nahi izatea zer den ulertu du prozesu honetan: «Sufrimendua hain handia denean hau bukatzea nahi duzu», aipatu du. «Lotsa» eta «errua» sentimenduak barneraturik izan dituela erantsi du.

Sendatze bidean ari da oraindik Larrion. Eskertuta agertu da batez ere: «Merezi ez nuen babesa jaso dut. Gaia ankerkeriaz ere tratatu duena izan da, edo ez-ikusiarena egin duena», baina oro har «eskuzabaltasunez erantzuten du gizarteak».

Lan komunitarioak eta politika

Bere etorkizun pertsonalari dagokionez, lan komunitario batzuk egiteko ditu, epaiaren ondorioz, baina isilpean nahi dut gorde noiz eta nola beteko dituen. Kartzelara ez da joan beharko.

Elkarrizketa amaieran oraingo politika nola ikusten duen galdetu zaio Larrioni: «Jendearen arazoei erantzuna emateko balio behar du, ilusioa sortzen du orduan eta aldaketa posible egiten du. Politikaren barrukoei begira egiten denean, ordea, alderdien arteko lehiari begira egiten denean, jendeak politikatik alde egiten du».