NAIZ

Osasun arloko langileen erretiro aurreratua onartu dadila eskatu dute sindikatuek Kongresuan

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuek legegintzaldi honetan 40/2007 Legea aldatzeko negoziazio prozesua ireki dadila eskatu dute, 60 urte beteta eta 35 urte kotizatuta dituzten langileek erretiroa hartzeko aukera izan dezaten.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuetako ordezkaritza bat Madrilgo Kongresuan izan da.
CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuetako ordezkaritza bat Madrilgo Kongresuan izan da. (ELA)

CIG (Confederación Intersindical Galega), ELA, LAB eta Intersindical Catalanak datozen aurrekontuak onartzeko baldintza bat bete dezatela galdegin diete Estatu espainiarreko talde politikoei: osasungintzako eta soziosanitarioko langileen erretiro aurreratua onartzea.

Sindikatuek bilera egin dute ostegun honetan Madrilgo Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoekin, Vox, PP eta Ciudadanosekin izan ezik. Ohar batean jakitera eman dutenez, bilera horretan eskatu diete osasun arloko eta sektore soziosanitarioetako esparru publiko nahiz pribatuko langileei 63 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea aitor diezaietela, «zigorrik gabe». Halaber, eskatu dute legegintzaldi honetan bertan erretiro adina 60 urteetan ezartzeko lege aldaketak negoziatu ditzatela.

«Ildo horretan, eskatu diegu gai hau lehenesteko eta, hurrengo aurrekontuak onartzeari begira, gizartearentzat funtsezkoak diren langile horiekin daukaten konpromiso argia erakutsiz, botoak eskubide hori onartzera baldintzatu ditzatela», agertu dute sindikatuek.

Hego Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako administrazioei ere zuzendu zaizkie sindikatuak, eskatzeko «langile horien erretiro aurreratua errazteko mekanismoak antolatu edo azken urteetan murriztuak izan direnak berreskura ditzatela, hala nola erretiro aurreratuko primak».

«Batez besteko oso adin altua (50 urte baino gehiago) eta lan egiteko baldintza penagarriak dituzten plantillen aurrean gaude; izan ere, azken urteetan aplikatutako zerbitzu publikoen murrizketa, pribatizazio eta desegite politiken ondorioz, ezinbestekoa da eskubide hori egituratzea», adierazi dute.

Murrizketarik gabeko erretiroa

Gogora ekarri dute Gizarte Segurantzaren arloko legediak 63 urterekin erretiro aurreratua hartzeko eskubidea aitortzen duela, betiere langileek 38 eta 44 urte eta 6 hilabete bitartean kotizatuta badituzte eta adina, gehienez ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den adina baino bi urtetik beherakoa bada.

Eskubide horrek, baina, pentsioan murrizketak ekar ditzakeela zehaztu dute sindikatuek.

Penalizazio hori ekiditeko, Gizarte Segurantzaren arloko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legea bete dadila galdegin dute zentralek, honek aurreikusten baitu 65 urteko gutxieneko adina errege-dekretu bidez jaitsi daitekeela.

Hla, CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuek talde politikoei galdegin diete «euren botoak balia ditzatela hurrengo aurrekontuak onartzeari begira, gai honi lehentasuna emanez».