NAIZ

Hondartza denboraldia erabiltzaile askorekin amaitu da Donostian, baina 2019an baino gutxiago

«Balantze ona» egin du Donostiako Udalak hondartzen denboraldia amaitu berritan. Erabiltzaile kopuruak gora egin du pasa den udatik, baina ez 2019arekin alderatuz.

Donostiako Zurriola Hondartza beteta, udan.
Donostiako Zurriola Hondartza beteta, udan. (Gorka Rubio | FOKU)

Amaitu da hondartza denboraldia Donostian, udalak balantze ona egin eta erabiltzaile-kopurua handia izan dela azaldu du, 2019an baino erabiltzaile gutxiago erregistratu badira ere. Bi urteren ostean ohiko zerbitzu guztiak «normaltasunez» eskaini direla adierazu du Donostiako Udalak.

Denboraldia hasi aurretik ez zen beharrezkoa izan hondar-mugimendu handirik egitea, baina hiru hondartzetara eta kabinetara sartzeko eremuak hustu egin behar izan ziren. Hondarraren kota ere jaitsi zen, zerbitzuetara errazago iristeko.

Kexa batzuk ugaritu dira, hain zuzen Zurriolan bainatzeko espazioa txikiegia zela esanez. Bainularientzako eta surfzaleentzako espazioak bereizten dira Zurriolan, eta kexa hauen aurrean udala jada harremanetan jarri da surf-eskolakoekin, erabilera hobeto arautze asmoz.

Garbiketa-lanak

Hondartzaren garbiketa eta mantenuaz arduratzen den enpresak 25 langile izan ditu uda honetan. Egunero bahetu da hondarra, egur-puskak eta elementu flotatzaileak bildu dira, zabor-edukiontziak eta birziklatzeko hondakin-edukiontziak hustu dira, eta hegalak, gabarroiak zein uharteko eremua urez garbitu dira.

Hondakinen datuei erreparatu eta iazko datuekin alderatuz, orokorrean hondakin-mota guztiek egin dute gora, paperarenak izan ezik. Esate baterako errefusaren 413.294 kilo jaso dituzte aurten, eta 234.570 pasa den urtean. Beirari dagokionez 4.231 kilo uda honetan eta 1.088 iaz. Eta ontzi eta plastikoen datuei begiratuz 34.046 kilo bildu dituzte aurten eta 24.160 pasa den udan.

Eskainitako zerbitzuak

Salbamenduari eta sorospenari dagokionez, aurten nabarmen murriztu da erreskateen eta ebakuatutako pertsonen kopurua, baina galdutako pertsonen kopuruak gora egin du, eta gehienak haurrak izan dira.

Horrez gain, aurten egurrezko dorre berriak jarri dira hondartzetan, askoz ere «praktikoagoak eta irisgarriagoak» dira zerbitzu hori emateko udalaren arabera. Aldagelen, dutxen, giltzadun-armairuen eta kontsignen erabilerak ere gora egin du iazko datuekin konparatuz. Batez ere Kontxako hondartzan

Hondartzetako toldo eta eguzkitakoei dagokionez, bi urteren ondoren zerbitzua «oso-osorik» eman dela azaldu du Donostiako Udalak. Hala ere, eskuragarri zeudenak baino gutxiago erabili dira.

Kalitate-eskakizunak beteta

Donostiako hondartzek kalitate-eskakizun handienak betetzen dituzte, hala nola Europako EMAS ingurumen-ziurtagiria eta ISO 14001 kalitate-ziurtagiria, eta, astero, bainatzeko uraren osasun-kontrola egiten da hiru hondartzetan. Zerbitzuei, mareei, korronteei, bainu-eremuen banaketari eta kirola egiteko eremuen banaketari buruzko seinaleak ere jartzen dira hiru hondartzetan.

Udako denboraldia amaituta, urriaren 1a eta maiatzaren 31 bitarte, txakurrak berriro ere hondartzetan sartu ahal izango dira.