NAIZ
Donostia

Irekiak Gallery Weekend ekimenak jende andana gerturatu du arte galerietara

Jendea arte galerietara hurbiltzera animatzeko helburuaz egin da bigarren aldiz Irekiak Gallery Weekend ekimena Donostian. Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute, bisita gidatuak «arrakastatsuak» izateaz gain, arte garaikideagatiko jakinmina elikatzea lortu baitute.

Kursaal jauregiko aldea Alba G. Corral artistaren ‘Entremaliat’ instalazioarekin argiztatuko da, ekimena itxitzat emanda.
Kursaal jauregiko aldea Alba G. Corral artistaren ‘Entremaliat’ instalazioarekin argiztatuko da, ekimena itxitzat emanda. (Gorka RUBIO | FOKU)

Igande honetan emango da amaitutzat Irekiak Gallery Weekend egitasmoa Alba G. Corral artistaren ‘Entremaliat’ instalazioa Kursaaleko fatxadan eskainiaz, 20.30etatik aurrera. Jendea arte galerietara hurbilduaraztea da xedea, arte garaikidea bertatik bertara ezagutu eta jakinmina piztea. Emaitzekin pozik agertu dira.

Donostiako Arte Galeria Garaikideen Elkarteak (DAGGE), Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, eta Donostiako Udalak antolatutako ekimena balorazio oso positiboarekin gauzatu da. «Erakunde publikoek eta galeriek helburu komun baten alde indarrak batzeko apustua hasi da emaitzak ematen. Irekiak Gallery Weekend sendotzen ari da, eta galerien erakusketa-denboraldiari hasiera emango dion urteroko topaketa izatea espero da», adierazi dute ohar bidez.

Publikoak interes handia erakutsi du

DAGGEko kideen azpimarratu dute Irekiak ekimenaren helburu nagusietako bat «arte garaikidea publikoarengana eta publikoa arte garaikidera hurbiltzea» dela, eta aurtengo edizioan ere, hala izan da.

Bisita gidatuetara izen-emateak berehala bete ziren eta parte-hartzaileek aukera izan dute ibilbidean zehar arte garaikidera modu desberdin eta hurbil batean gerturatzeko. Kasu batzuetan, gainera, artistak izan dira euren lana lehen pertsonan aurkezteko aukera izan dutenak, «pribilegio» bat, bai artistentzat eta baina ikusleentzat ere.

Asteburu osoan zehar, interesa erakutsi duen jendearen joan-etorriak «etengabekoak» izan dira eta lagun askok hartu dute parte galeriek antolatu dituzten ekimen gehigarrietan.

DAGGEren ahotan, Irekiak aurrerapauso bat da hiriko arte galerien lana ikusarazi eta gerturatzearen alde. Altxerri, Arteko, Arteztu, Cibrian eta Ekain galeriek zabaldu nahi zuten mezua iritsi izana espero dute: «jendea galerien munduaz ohartzen hastea, herritarrei irekitako espazioak direla aldarrikatzea, kultura garaikidea sortzen eta bultzatzen laguntzen dutenak, proposamen berriak eta artista berriak guztion gozamenerako hurbilduz».