Andoni Arabaolaza

Patagoniako bakarkako xarmak berriro harrapatu du Colin Haley

Alpinista estatubatuarrak Fitz Roy-ko «Supercanaleta» bidea bakarka eta neguan igo berri du. Haleyk, denera, bi ekinaldi behar izan ditu goi mailako jarduera hori sinatu ahal izateko.

Patagoniako erpinekin erabat maiteminduta dago Colin Haley. Maiz erakutsi du zein gogoko dituen. Eta, horrez gain, bakarkako jarduerekin erabat harrapatuta dagoela ere argi utzi du. 2009. urtean, adibidez, aura berezia hartu zuen Fitz Roy-ko “Supercouloir” igo zuen estilo horretan. Zazpi urte beranduago, bakarrik berriro, Egger Dorrea eta Punta Herron eskalatu zituen.

Nahiz eta duela bi urte aurreratu zuen bakarkako igoerak («adikzioa», bere hitzetan) alde batera utziko zituela, Haley berriro ikusi dugu Argentinako Patagonian sokakiderik gabe eskalatzen. Fitz Royn izan da, eta joan den irailaren 19an gai izan zen “Supercanaleta” klasikoa neguan sinatzeko. Hots, neguan; izan ere, hego hemisferioan urtaro horretan zeuden.

“Perfekzionismoaren” irteera hori egin ahal izateko, estatubatuarra El Chaltenera abuztuaren amaieran heldu zen. “Supercanaleta” bidea igotzeko hainbat joan-etorri egin zituen tresneria garraiatzeko. Ondo ezagutzen du marra hori; duela hamabost urte Maxime Turgeonekin eskalatu zuen. Eta bakarka ere igo zuen, baina udako denboraldian.

Helburu horri ekin baino lehen, alpinista honek gogora ekarri digu bakarkako jarduerek zer eskatzen duten: «Normalean bi lagunen artean banatzen den pisua bakarkakoetan ez duzu inor ondoan eramateko. Horrek esan nahi du derrigortuta zaudela zama handia garraiatzera. Neguan eskalatu dudanez, pisu hori handitu da neguko arroparekin eta bibakerako tresneriarekin. Gauetan -20 graduko tenperaturarekin eroso ‘bizitzea’ ez da batere erraza».

Irailaren 12an pronto zegoen esku artean zuen erronka hasteko. Lehen ekinaldia zen. Bideak dituen 1.000 metroko korridorea (izotza eta elurra) gainditu ostean, ibilbidea trabatzen duen harrizko blokera iritsi zen. Oraindik gainditzeke zuen eskalada teknikoa, zaila eta arriskutsua. Arratsaldeko 14.30 zirenean, Haleyk bere eskalada eten zuen: «30 minutu igaro nituen bizitzaren, eskaladaren, maite ditudan lagunen, arriskuen eta bizirik irauteko gogoen inguruan hausnartzen. Beste batzuetan gertatu zaidan bezala, sentitu nuen egoera barregarri bat egiten ari nintzela. Oso estresantea eta izugarria, eskalada horrekin behar bezala gozatzeko. Buruan ez nuen beste ekinaldi bat egiteko inolako asmorik. Dozenaka rappel egin eta korridorearen oinarrian altxatutako dendara itzuli nintzen. Hain justu, ekaitz bat lehertu aurretik».

Zalantza batzuk tarteko, Haleyk lehen ekinaldia bertan behera utzi zuen. Bigarrenean, eguraldia lagun, gauez tontorra zapaldu zuen

Motxilaren zama guztia bizkarrera eraman eta El Chaltenera itzuli zen. Nahiz eta bere buruari aurreratu zion bigarren saiorik ez zuela egingo, “Supercanaleta”-k erabat harrapatuta zuen Haley. Bi eguneko atsedena hartu ondoren, estatubatuarra bigarren ekinaldia eta estrategia berriak diseinatzen hasi zen. Hilaren 17an, elurretako erraketak jarri eta Fitz Royra hurbiltzen hasi zen. Ibilbidea ez zen batere erosoa izan botatako elurrarengatik.

Hurbilketa bide horrek oso nekatuta utzi, eta zirt edo zart egin behar zuen. Gainera, iragarri zioten eguraldi leiho ona 19an zela, eta ez 20an. Errimaia zeharkatu eta ia gelditu gabe gau horretan Fitz Royko gailurra zapaldu zuen.

Igoera zaila

Haleyk neguan eta bakarka igo duen bide horri dagokionez, aurreratu dugu korridore bat (1.000 metro) gainditu behar dela arroka handi batekin topo egin arte. Ondoren, eskuinera jo eta sigi-saga hego-mendebaldeko ertzera heltzen da. Sekzio horrek tontorrera eramaten du.

Ertz hori eta gailurra ia garaiera berean daude, baina alpinista honek bazekien geratzen zitzaizkion 200 metroek zalantza ugari sortzen dituztela: «Sekzio pare bat oso nahasiak dira, eta arreta handiz eskalatu behar da. Tarte horretan erabat kontzentratuta egon nintzen; eroaldi moduko bat izan zen. Saiatu nintzen ahal nuen azkarren igotzen. Baina ez zen batere samurra izan, besteak beste, antzigarra erabat itsatsita zegoelako arrokan. Lasai hartu behar izan nuen. Eskerrak, harkaitzezko beste toki batzuk garbi zeudela! Eguzkia sartzen ari zen bitartean, lainoak desagertzen joan ziren eta Hego Patagoniako izotz zelaiaren irudi ikaragarriak ikusteko aukera izan nuen. Zortziak eta bost minutu zirenean, azken luze zaila gainditu nuen. Gaua gainean nuen. Muturreko bakardadea da; oso estresantea eta grinatsua».

Era horretan bizi izan zuen tontorreko eskarmentua. Isilean eta iluntasunean. Bide batez, Haleyk esan du azken aldatsetan inoiz ikusi ez duen egoera batekin egin zuela topo: «Goiko sekzioak hegoaldera begira daude, eta haizeteengandik babestuta. Baina azken aldapetan izterretara iristen zen elur hauts asko aurkitu nuen. Baldintza horiek ez dira batere ohikoak Fitz Royn. Hori gutxi ez, eta hainbat elur-jausirekin kezkatzen hasi nintzen. Beste sekzio batzuetan izotz gris gogorra zegoen, eta hauek elur xehe geruza fina zuten. Ez zen zaila, baina estres puntu hori ez zidan kendu. Gaueko bederatziak izateko zazpi minutu falta zirenean, tontorrera heldu nintzen. 3.000 metro beherago El Chalteneko argiak ikusi nituen. Ez dakit herri horretan inork nire kopetako argia ikusiko ote zuen. Klimarekin zorte handia izan nuen; ia ez zuen haizerik egin. Baina gailurrean nintzela, iparretik zetorren haizea altxatu zen».

Denbora galdu gabe, gauez, jaisten hasi zen. Haleyk aurreratu du jaitsiera horrek antsietatea sortu ziola: «Banekien kontuz handiz ibili behar nuela. Klimarekin bezala, jaitsierarekin zorte handia izan nuen, eta, gorabeherarik gabe, korridorearen sarrerara onik heldu nintzen. Hasieran, soilik 60 metroko soka batekin rappelatu nuen. Ondoren, neurri bereko bigarren sokarekin bat egin eta korridorearen mila metro horietan sartu nintzen. Goizeko 5etan, bezperan altxatutako dendara iritsi nintzen. Onartu behar dut fisikoki zein psikologikoki akituta nengoela. Fitz Royko ‘Supercanaleta’ bidean bizi izan dudan eskarmentua oso sendoa izan da. Jarduera hau egin ahal izateko, azken 22 urteotan eskaladan zein alpinismoan ikasi dudan guztia praktikan jarri behar izan dut. Gaitasun horiek guztiak indarrean jarri behar izan ditut».

Fitz Royko bakarkako (eta neguko) igoera horrekin, Haleyk estilo hori baztertuko al du? Itxura hori du, baina nork daki. Argi dagoena da, amaiera bikaina eman diola Patagoniako erpinetan, Alaskan, Alpeetan, Kanadako Mendi Harritsuetan… egin duen bakarkako ibilbideari.