NAIZ

Siemens Gamesaren Asteasuko plantan enplegua bermatzeko akordioa lortu du LABek

Siemens Gamesak 2.900 langileen kaleratzea iragarri zuen, non eta noiz zehaztu gabe, eta LAB aurreratu egin da Asteasuko plantan, zuzendaritzarekin enplegua bermatzeko akordioa sinatuta.

Siemens Gamesa multinazionalaren Agoizko lantegia.
Siemens Gamesa multinazionalaren Agoizko lantegia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Siemens Gamesa multinazionalak pasa den astean 2.900 langile kaleratuko dituela iragarri ondotik, Asteasuko lantegiko enplegua bermatzeko akordioa sinatu dute LABek eta enpresako zuzendaritzak.

Sindikatuak azaldu du ez duela kaleratzeen inguruan inongo jakinarazpen ofizialik jaso. «Informazio bakarra komunikabideetatik eta langileek barne posta bidez jaso duten mezu batetik iritsi zaigu», esan du. Ez daki, ezta ere, kaleratzeak noiz eta non emango diren, soilik guztira 2.900 izango direla, horietako 475 Estatu espainiarrean.

«Enpresak dituen zailtasunen aurrean eta etorkizunean hau saltzeko dauden aurreikuspenen aurrean, LABek gehiengoa duen Siemens Gamesa Asteasuko plantan, akordio batera iritsi gara zuzendaritzarekin eta akordio honekin langileen etorkizuna bermatzea lortu dugu. Enpresako hitzarmena berritzeaz gain lan karga, lanpostu eta lan baldintzen bermea adostu dugu», esplikatu du LABek.

Akordioaren garrantzia nabarmentzeaz gain, sindikatua erakundeei zuzendu zaie, eskatzeko «enpresa saltzeko aukeren aurrean beraien konpromisoa» erakutsi dezaten bertako erosle bat bilatzeko, «Euskal Herrian estrategiko izango den sektore baten alde egingo duena».

Siemens Gamesak 2.500 langile inguru ditu Hego Euskal Herrian, multinazional horretako langileen %10 baino gutxiago. 27.145 behargin ditu guztira, eta 70 instalazio baino gehiago ditu Europan (35), Afrikan (4), Hego Amerikan (4), Ipar Amerikan (8) eta Asia Pazifikoan (22).