NAIZ

Aulestin basoan lanean zebilen beste langile bat hil da, 60 urtekoa

Elkarretaratzea Muxikan, basogintzan gertatutako beste ezbehar bat salatzeko. (ELA)
Elkarretaratzea Muxikan, basogintzan gertatutako beste ezbehar bat salatzeko. (ELA)

60 urteko langile bat hil da astearte honetan Aulestin, Urriola auzoan hain zuzen ere, basoan lanean ari zela istripu bat izan ostean. Honela jakinarazi du Lakuako Barne Sailak astearteko azken orduan.

Ezbeharra 15.40ak aldera gertatu zen. Bertara hurbildu ziren osasun arloko langileak, baina ezin izan zuten ezer egin.

Langilearen gorpua helikopteroz eraman zuten, lehenik Aulestiko helipuertora eta handik Bilboko hilerrira, autopsia egiteko.

Azken hiru egunetan gertatzen den hirugarren heriotza da. Igandean 42 urteko langile bat hil zen, orein baten erasoaren ondorioz, Nafarroako Muniain herrian. Eta astelehenean jakin zen hortik gertu, Alloko paper-fabrikan, beste langile batek galdu zuela bizia, kasu honetan bihotzeko baten erruz.

Astearteko ezbehar honekin jada 60 dira aurten Euskal Herrian lanean gertatu diren lan heriotzak. Aulestiko heriotza, halaber, basogintzaren sektorean hil den hirugarrena izan da, LABen arabera.

Izan ere, basogintzaren sektorea bereziki kolpatuta izaten ari da azken hilabeteotan, eta arlo honetan dauden baldintzak eskasak behin eta berriro salatu dituzte sindikatuek. Duela hilabete eta erdi eskas Zeanurin hil zen langile bat, zuhaitz batek harrapatuta eta, arrazoi berarengatik, ekainaren 14an beste langile bat zendu zen Idiazabalen.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua dela kritikatu du LABek, nahiz eta eurentzako ad hoc eginiko foru arauak dituzten. «Egur ustiapen intensiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna desegokiak, malda handiko eremuetan, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, aktibitateak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek», argitu du sindikatuak ohar batean.

Gaitzetsi du basogintzaren sektoreko enpresa gehienek ez dituztela lan osasuneko betebeharrak betetzen eta, hortaz, Osalani, lan ikuskaritzari eta Lakuari egoera aldatzeko «behingoz martxan jarri daitezen» exigitu die.