NAIZ

Mari Puri Herrerok, Nora Aurrekoetxeak eta Consonnik jaso dituzte Gure Artea sariak

Mari Puri Herrerok ibilbide artistikoa aitortzeko saria jaso du, Nora Aurrekoetxeak sorkuntza-lanarena eta Consonni argitaletxeak arte plastiko eta bisualaren arloan agenteek egindakoari ematen zaiona.

Aurtengo saridunak Bingen Zupiria Lakuako Kultura sailburuarekin batera.
Aurtengo saridunak Bingen Zupiria Lakuako Kultura sailburuarekin batera. (Irekia)

Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni arte ekoizle eta argitaletxeak jaso dituzte astearte honetan Gure Artea Sariak Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian. Herrerok ibilbide artistikoa aitortzeko saria jaso du, Aurrekoetxeak sorkuntza-lanarena argitaletxeak arte plastiko eta bisualaren arloan agenteek egindako lana aitortzen duena.

Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da sariak eman dituena. Berarekin batera Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti ere egon dira, beste agintari eta arte eta kultur sektoreko hainbat ordezkarirekin batera. Gure Artea 2022 sarietako epaimahaiko kide Damaris Pan, Fernando Pérez, Jesus Mari Lazkano, Maite Garbayo eta Mikel Lertxundi ere bertan izan dira.

Ekitaldian gogorarazi dutenez, sariek 40 urte betetzen dituzte aurten eta Zupiriak «arteen egungo euskal testuinguruan pertsonek, taldeek eta eragileek garatzen duten sorkuntza- eta lankidetza-lanari buruz hitz egiten» dutela adierazi du. Bide batez, Gure Artea sariak «artearen euskal sistemaren ikur» direla ziurtatu du.

40. edizio honetan, sorkuntza lana aitortzeko saridunak eta arte plastiko eta bisularen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saridunak 18.000 eurona jaso dituzte. Ibilbide artistikoa aitortzeko saridunak 20.000 euro jasoko ditu aurten, aurreko edizioetan baino 2.000 euro gehiago.

Mari Puri Herrero

Mari Puri Herrero margolari, grabatzaile eta eskultore bilbotarrak jaso du ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea saria. Epaimahaiak bere erabakian azpimarratu duenez, Herrerok duen «obra zabalagatik» eta bere «kalitate artistiko bikainagatik» merezi du aitortza.

Epaileen iritziz, «XX. mendeko euskal artea ulertzeko funtsezko figuretako bat» da Herrero. Antolatzaileek defnituta, bere sorkuntza-lanak mundu kezkagarri bat islatzen du, mehatxuz eta itxura faltsuz betea, erreala eta fantastikoa bat eginda. Marrazkia eta kolorea menderatzen dituen moduak, konposizioaren orekak eta gainezka egiten duen irudimenak bere ibilbidean zehar berrinterpretatu izan duen ikonografia pertsonal bat sortu du. Gainera, epaimahaiak artearen hainbat arlotan egindako ikerketak nabarmendu ditu.

Nora Aurrekoetxea

Sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea saria jaso du Nora Aurrekoetxea eskultoreak. Epaileek esandakoaren arabera, bere lanek «giza harremanen alde emozionalean eta harreman horiek espazio intimoarekin duten interakzioan sakontzen» dute. Eskulturaren barruan, instalazioak sortzen ditu artista honek, askotan testua, objektuak eta performancea nahastuz.

Epaimahaiaren arabera, «gorputzen eta arkitekturaren arteko harremana aztertzera eramaten du bere obrak. Hala ere, ez ditu ondorio itxiak eskaintzen, esanahien eta irakurketen aniztasuna bultzatzeko asmoz».

Consonni argitaletxea

Arte plastiko eta bisualaren arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria Bilboko Consonni argitaletxe espezializatuarentzat izan da. Consonnik hogeita bost urte daramatza euskal artearen panoraman lanean, eta ezaugarri horiek biltzen dituen bakarra da espainiar Estatuan. Epaimahaikideen arabera «kultura kritikoaren ekoizpena» da Consonniren «esentzia».

Azpimarratu dutenez, argitaletxeak «artea eremu hedatu gisa hartuta, literaturan, irratigintzan edo hezkuntzan, ehunka jarduera sortuz eta bultzatuz, eragileak, publikoa eta artistak lotzen ditu lurralde-ikuspegi zabal, estetiko eta politiko batekin».