NAIZ

Mikel Oyarzabal taldekideekin entrenatu da Zubietan ariketa gutxi batzuk egiten

Realeko kapitaina, pixkanaka bada ere, aurrera doa bere errekuperazioan iragan martxoan bere belaunean lesio larria sufritu ostean. Taldeak, bitartean, ostegunean Sheriffen etxean Europa Leagueko partida prestatzen jarraitzen du.

Taldekideek «ongi etorria» eman diote Mikel Oyarzabali Zubietan.
Taldekideek «ongi etorria» eman diote Mikel Oyarzabali Zubietan. (PRENSA REAL SOCIEDAD)

Mikel Oyarzabal pixkanaka aurrera doa bere errekuperazioarekin. Iragan martxoan belaunean lesio larria sufritu zuen eta denboraldiari agur esan behar izan zion. 2022-2023 denboraldiaren parte bat ere galduko zuela bazekien kapitainak –eta baliteke Qatarreko Mundiala ere–, baina pausoak ematen jarraitzen du.

Esaterako, gaur, lehen aldiz, gainerako taldekideekin aritu da Zubietan. Ariketa gutxi batzuk baino ez dira izan taldearekin, eta, ondoren, bakarkako lanarekin jarraitu du, baina bertan lan egiten ikustea beti seinale ona izaten da. Realak berak bidalitako argazkietan pozik nabaritzen zaio Oyarzabali eta taldekideek bere "buelta" ospatu dute.

Mikel Oyarzabal, pozik, taldekideekin egindako ariketetan. (PRENSA REAL SOCIEDAD)

Taldeak, bitartean, ostegunean Europa Leaguen duen hitzordu garrantzitsua prestatzen jarraitzen du. Sheriffen zelaia bisitatu beharko dute txuri-urdinek (18.45). Imanol Alguacilen gizonek sei puntu dituzte, orain arte Manchester United eta Omonoiaren aurka jokatutako bi partidak irabazi ostean. Osteguneko aurkariak, aldiz hiru puntu ditu.

Nikosiarako sarrerak

Bestalde, Donostiako klubak jakitera eman duenez, gaur bertan hilaren 27an Nikosian jokatuko den partidarako sarreren eskaera aktibatu du. Sarreren eskaera (prezioa: 45 euro) bazkideentzat, akziodunentzat edo RS Fanentzat bakarrik izango da. Inprimakia hilaren 17ra arte egongo da eskuragarri.

Realak aditzera ematen duenez, eskatzaile bakoitzak bi eserleku erreserbatu ahal izango ditu, eta laguntzailea ez da nahitaez bazkide, akziodun edo RS Fan izan beharko. Inskripzioaren hurrenkeraren arabera esleituko dira. Sarrerak hilaren 18an jasoko dira Bazkideen Arretarako Bulegoan, 10.00etatik 20.00etara.