NAIZ

Naizen elkarteak instituzioen babes handiagoa eskatu du Nafarroako Parlamentuan

Adingabe transexualen familien elkarteak, Naizenek, babes instituzionala eskatu du Nafarroako Parlamentuan, pertsona hauen «estigmatizazioa amaitzeko», osasun, hezkuntza eta administrazioaren aldetik arreta hobea jasotzeko, eta jendartean merezi duten «errespetu eta duintasunarekin» onartzeko.

Naizen elkartearen ekitaldia, urte honen hasieran Gasteizen.
Naizen elkartearen ekitaldia, urte honen hasieran Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nafarroako Parlamentuko lan saio batean parte hartu du astearte honetan Naizen elkarteak, eta kideek haur eta nerabe transexualen egoeraren berri eman diete legebiltzarkideei. 2016an bisitatu zuten aurrenekoz ganbera, ordutik pauso handiak eman dituzte helburu aunitzetan, eta jaso duten babesa eskertu diete. Halere, laguntza gehiago behar dutela adierazi dute.

Naizeneko aita batek hartu du hitza, Roberto Itoizek. Erran duenez, adingabe transexualen eskubideak defendatzen dituzte elkartean, errealitate hau ezagutarazten dute eta familiek elkar laguntzen dute, sarri ez baita erraza egoera onartu eta ulertzea. Elkarteko kide izateak izugarri laguntzen du. 2015ean zortzi familia ziren Hego Euskal Herrian lan honi ekin ziotenak eta gaur egun 250etik goiti dira, hazten ari dira gainera.

Tartean, mugarri bat pasatu zuten, 2017ko ‘Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak’ lelodun kanpaina. Orokorrean hagitz ongi hartu zuen jendeak, baina eraso handi bat ere jasan zuten eta hori gertatu zenean instituzioek maila eman zutela-eta esker ona azaldu du Itoizek. Geroago etorri ziren bertze urrats batzuk ere txalotu ditu, adibidez ikastetxeetan adingabe transexualentzako protokolo bat egin izana.

LGTBI+ foru legea, transexualitatean eragina duena, bertze lorpen bat da Naizentzat. «Bide luzea egin dugu, baina asko gelditzen zaigu oraindik», agertu du Naizeneko aitak.

Hezkuntzan, adingabe hauen protokoloa eguneratzeko eskatu du, beren jarraipena eginen duen figura bat sortuz, irakasleak eta ikastetxeetako langile guztiak hobeki eta gehiago prestatuz, eta ekintza planean inplikatutako sail guztiak baliabidez hornituz.

Osasunean, babesa eskatu du kirurgiarako erreferentzia zentroa Gurutzetako Ospitalea izateko Malagakoa beharrean.

«Lege on bat» aurrera ateratzea ere galdegin du Naizenek, pertsona hauen eskubideak sendotu eta estigmatizazioa amaitzeko, baita izena eta sexua ofizialki aldatzea estandarra izateko ere, «ezin baita epaitegiaren borondate onaren mende egon».

Legebiltzarkide guztiak alde eta eskertuta

Legebiltzarkide guztiek babestu eta eskertu dute Naizenen lana, nahiz eta NA+ko bozeramaileak, Isabel Olavek, ez duen ongi ikusi legea «berdin aplikatzea 20-30 urteko pertsona bati eta 6 urteko ume bati».

Nuria Medinak (PSN) mugimendu ultraeskuindar batzuk zelatan ikusten ditu, helmuga urrun. Halere, Nafarroako legedian pauso garrantzitsuak eman dituztela uste du.

Geroa Baiko Jabi Arakamak legebiltzarrean bizipenak azaldu dituzten pertsonen «eskuzabaltasuna» txalotu du, eta Nafarroan lortutako aurrerapenak baloratu ditu, «lege on batek eta babes politiko eta sozial ukaezinak» bultzatuak.

Patricia Peralesek (EH Bildu) haur eta nerabe hauenganako errespetua azpimarratu du eta zentzuzkotzat hartu ditu Naizenen eskaerak.