NAIZ

5.500 ikusle hartu ditu Geuretik Sortuak ekimenaren lehen edizioak

2021ean hasitako Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenetik euskara hutsean ekoitzitako 26 sormen lan atera dira, 2022an zehar Euskal Herriko 39 udalerritan aurkeztuak izan direnak. Arrakasta ikusirik, bigarren edizioa martxan da jada.

Udalbiltzak sustatutako Geuretik Sortuak kultur ekimenaren lehen edizioa amaitu da eta balantze positiboa egin dute antolatzaileek. Sormen-beka, egonaldi artistikoa eta emanaldi zirkuitua bere baitan hartzen zituen egitasmo honek bost zinemagile, bost antzerki konpainia eta 16 idazle izan ditu protagonista. Horiek euren lana garatzeko aukera izan dute, 39 udalerritan.

Hala, 2022. urtean zehar 130 baino antzerki emanaldi gehiago eskaini dituzte, baita 26 liburu aurkezpen eta beste hainbeste film aurkezpen ere. Udalbiltzak azpimarratu du kasu batzuetan euskal kulturaren irismena zaila duten zenbait eremutan kokatzen diren Euskal Herriko udalerri txiki eta ertainetatik igaro dela zirkuitua, 5.500 ikusle baino gehiago bilduz.

«Erraz esaten da; ez, ordea, exekutatu. Lehen edizio bat izateko, dimentsio erraldoietako ekimen bat aurrera ateratzea lortu du Udalbiltzak, nahiz ezingo zukeen egindakoaren laurdena egin bidelagun izan dituen horiek gabe», azpimarratu dute ohar batean. Laguntzaile izan ditu parte hartu duten 39 udalerriak, Hamaika Telebista komunikazioan, Dijitalidadea literaturaren edizio-lanetan, Adabaki filmaren ekoizpen lanetan, Uhina antzerki emanaldi zirkuituaren teknika lanetan eta Errigora/Agerraldia egitasmoa Nafarroa erdigunera eta Goi Erriberara proiektua eramateko sustapen lanetan, besteak beste.

Bi urteko lana

Geuretik Sortuak zirkuitua 2022. urtean zehar ibili da herriz herri, baina 2021etik datorren lana da. Izan ere, euskara hutsean sortutako 26 sormen lanak urte horretan zehar garatu ziren, deialdi publiko batean aukeratu ostean. Udalerri batean egonaldia esleitu zitzaien bertako errealitatea modu askean inspiratuta, alor desberdinetako obra bana sortzeko.

Hortik atera dira ‘Hamazazpigarrenean Aidanez’ izeneko 16 ipuinez osatutako eta bi tomotako bilduma, bost film laburrez osatutako ‘Bost Teilatu’ lana, eta bost antzezlan.

Izandako arrakasta ikusirik, Udalbiltzak jada lanean jarri da bigarren edizioa prestatzeko. Artistentzako beka deialdia hilabete honetan zehar ateratzeko asmoa dute, eta proiektuak 2023 eta 2024 hartuko ditu.