Andoni Arabaolaza

'Broad Peak', gordintasunaren balio erantsia

Netflix plataformak pantailaratu duen pelikula honetan Maciej Berbeka protagonista nagusia da; hots, zortzimilako horretan neguko lehen igoera lortu zuenenetariko bat.

Neguko zortzimilako bat igotzea zer den edo jarduera horretan bizitzen dena ulertzea ez da kontu erraza. Protagonistak berak eman ditzake argibide batzuk, baina soilik irudiek jar gaitzakete leku horretan. Jakina, muturreko baldintza horietan filmatzea ia ezinezkoa da, eta, horregatik, ia beti alpinisten hitzetan oinarritu behar gara.

Netflix plataformak, bederen, saio ederra egin du pantailara eraman berri duen “Broad Peak” filmarekin. Karakorumeko zortzimilako hori eta Maciej Berbeka foku guztien aurrean jartzen ditu. Askotan esaten da poloniarrak neguko zortzimilakoen erregeak direla. Eta hain zuzen ere, pelikula honek historiaren pasarte batean kokatzen gaitu.

1988. urtean, espedizio poloniar bat K2 neguan igotzen saiatu zen. Klimak ez zien batere lagundu, eta Alek Lwow eta Berbekak ez zuten etxera esku hutsik itzuli nahi. Espedizio buru Andrzej Zawada Broad Peak-en ekinaldi azkar bat (estilo alpinoan) egitea konbentzitu zuten. Igoera horretan Berbeka gailurra lortu zuela esan baina, etxean zirela, espediziokideek baieztatu zuten tontorretik gertu geratu zela.

Lagunen iritziarekin kolpe handia hartu zuen: zauri fisikoak, porrota, frustrazioa eta traizioa. Sentimendu horiek guztiak 25 urte iraun zituzten. Eta hori diogu 2013. urtean Berbeka Broad Peak-era itzuli zelako. Arrakasta lortu zuen; hots, zortzimilako hori neguan zapaltzeko gai izan zen. Bere kideekin batera historia egin zuen, baina, jaitsieran, alpinista poloniarra betirako geratu zen mendiaren magaletan.

Oso biribila

Oro har, “Broad Peak” pelikulak ondo baino hobeto islatzen ditu galera eta desira; finean, eztabaida etiko bat kidetasuna, iruzurra eta patuaren inguruan. Eta emaitza hori lortzeko, Leszek Dawid zuzendaria elkarrizketa laburretan eta zuzenetan oinarritzen da. Hitzak ia soberan daude. Horregatik Berbekaren isiltasun uneek indar handia hartzen dute.

Zuzendari horrek, gainera, egoera errealista bat eskaintzen digu; aitor daiteke garai haietako irudiekin oso leiala dela. Hortaz gain, histrionismoa zein hizketaldi artifizialak alde batera uzten ditu. Laburbilduz, proposamen oso biribila da “Broad Peak”. Nahiz eta irudiak ez diren zortzimilako batean grabatuta izan (protagonistak, gehienez, 5.600 metrora igo ziren), oso errealistak dira. Istorio epiko bat kontatzea izan du helburu, eta aurrera dezakegu ez duela hutsik egiten.