NAIZ

Urruñan atxilotu duten gaztea aske geratu da

Gazte senpertar bat atzeman dute asteazken goiz honetan Urruñan. Pirinio Atlantikoetako Jendarmeriaren ikerketa taldeak gauzatu du operazioa. Hala, gaztea Pauera eraman dute, baina arratsaldean aske utzi dute.

Ehunka lagun bildu ziren Senperen lau gazteen atxiloketak salatzeko ekainaren 22an eginiko mobilizazioan.
Ehunka lagun bildu ziren Senperen lau gazteen atxiloketak salatzeko ekainaren 22an eginiko mobilizazioan. (Guillaume FAUVEAU)

Jendarmeriak burutu duen operazioa asteazken honetan, goizean goiz, iragan da eta gazte senpertar bat atzeman dute Urruñako bere etxean. Handik Pauera eraman dute. Arratsaldean aske geratu da, Euskal Irratiek berri eman dutenez.

Paueko prokuradorearekin harremanetan jarri da ‘Mediabask’ hedabidea atxiloketari buruzko arrazoiak eta xehetasunak jakiteko, baina ez du argibiderik eman. France Bleu irratiak, ordea, higizienen bulegoetan agerturiko pintadekin lotu du atxiloketa.

Senpereko herritar talde batek elkarretaratzea antolatu du arratsalderako, Herriko Etxearen aitzinean.

«Ezin dugu onartu gure gazteriaren kontrako eraso hori», adierazi dute deialdia egiteko sare sozialen bidez zabaltzen ari diren mezuetan.

Gogora ekarri behar da joan zen ekainean lau gazte atzeman zituztela pintaketak egiteagatik eta, Pauera eraman ondotik, egun bereko iluntzean aske geratu zirela.

Iragan apirilaren 6an beste lau gazte lapurtar atzeman zituen jendarmeriak Hazparnen, Itsasun eta Bordelen.

Orduan ere higiezin agentzietan pintaketak egitea leporatzen zieten gazteei, baina zenbait ordu polizia-etxean pasa ondotik, kargurik gabe aske utzi zituzten.

Kezka herrian etxebizitzaren gaineko espekulazioa dela-eta

Lapurdiko herrian azken hilabete hauetan bizitokien prezioen gorakada edota bigarren etxebizitzek sortzen duten arazoa salatzeko hainbat protesta izan dira.

Hala, Senperen kezka eragin zuen irailaren hastapenean 1.250.000 eurotan salgai emana izan den etxe baten salmentak. 

Salmenta hori eta espekulazioak Lapurdiko herria astintzen duela ikusirik, Senpertarren Kolektiboa izeneko taldeak elkarretaratzea antolatu du urriaren 8an, larunbatarekin. Goizeko 10.00etan izanen da, Ibarrun auzoko plazan.