NAIZ

Fotokazetaritzari buruzko euskarazko lehen eskuliburua argitaratu dute

‘Fotokazetaritza. Argazkigintzaren teknika eta kazetaritzaren egitekoa’ eskuliburua argitaratu dute UEUk eta EHUk. Maria Gorosarri Gonzalez irakaslea da egilea eta argazkigintzaren alde praktikoa eta teoria biltzen ditu.

‘Fotokazetaritza. Argazkigintzaren teknika eta kazetaritzaren egitekoa’ liburuaren azala.
‘Fotokazetaritza. Argazkigintzaren teknika eta kazetaritzaren egitekoa’ liburuaren azala. (UEU-EHU)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) batera argitaratu dute «Unibertsitate mailako fotokazetaritzari buruzko euskarazko lehen eskuliburua». ‘Fotokazetaritza. Argazkigintzaren teknika eta kazetaritzaren egitekoa’ du izenburu, Maria Gorosarri Gonzalez EHUko Fotokazetaritza irakaslea eta UEUkidea da egilea eta argazkigintzaren alde praktikoa zein unibertsitate mailako teoria bildu ditu.

Bi erakunde horiek jakinarazi dutenez, argazkigintzan interesa dutenek argazkiak ateratzeko teknika eta konposizio arauak aurkituko dituzte liburuan, baita irudi artxiboak antolatu eta tratatzeko azalpenak ere, adibideekin. Era berean, argazkiak argitaratzeko hainbat baliabide zehazten dira. Fotokazetaritza ikasi nahi dutenek haren historia eta fotokazetarien lanak ezagutu ahal izango dituzte, ikuspegi europarrari jarraiki eta euskarazko fotokazetaritzaren garapena azalduta.

Azkenik, fotokazetaritzaren teorian sakontzeko, hausnarketa teorikoen inguruko azken eztabaidak jaso dira, hala nola «fotoegia» eta manipulazioa, edo objektibotasuna eta egiantzekotasuna, fotokazetariek ez ezik, kazetariek ere fotokazetaritzaren oinarriak mendera ditzaten, albisteak haien osotasunean lantzerakoan, ikus-informazioak ere bere eginkizuna egoki bete dezan ziurtatzeko.

Egilearen hitzetan, argazkigintza euskaraz azaltzen duen eskulibururik ez dagoelako egin du liburua, eta horregatik, UEUko hizkuntza arduradunarekin batera, hizkera teknikoa garatu behar izan du. «Euskaraz hutsunea egon da, baina erdaraz ere (gazteleraz eta frantsesez) horrelakorik ez dago. Unibertsitate mailako eskulibururik ez dago. Era berean, dauden liburu teknikoek ez dute fotokazetaritza argazkigintza artistikotik bereizten», azaldu du.

Argazkigintzan interesa daukan edonorentzat pentsatuta dagoela esan du Maria Gorosarri Gonzalezek: «Argazkiak teknikoki egiten, estetikoki konposatzen eta editatzen ikasteko balio du. Gainera, software librean oinarritutako programak erabiltzen dira, edonork eskura eduki ditzakeenak».