NAIZ

Bankuen zerbitzua aztertu dute Durangon

«Hiri Lagunkoiak» ekimenaren inguruan biltzen den Durangoko adineko pertsona talde batek herri honetako banketxeen «lagunkoitasuna» aztertzeko ikerketa zabala egin du.

75 elkarrizketa eta inkesta egin zaizkie 78 urteko batez besteko adina duten pertsonei.
75 elkarrizketa eta inkesta egin zaizkie 78 urteko batez besteko adina duten pertsonei. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Durangoko Udalak sustatu eta Euskadi Lagunkoia proiektuaren laguntza izan duen ekimenak erantzuna eman nahi izan die bankuen zerbitzuetan izan diren murrizketei. «Bankuek herritarrei eskainitako zerbitzuetan hainbat murrizketa izan diren une honetan, adineko pertsonekin duten tratuan adeitasuna galdu dutela salatuz datozen eskaera gero eta ugariagoei erantzun nahi izan diegu», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Ikerketak Durangoko banketxeen «lagunkoitasuna» aztertu du, sukurtsaletako eremuak ebaluatzen dituen tresna baten bidez. Aztertutako puntuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: espazioaren irisgarritasuna eta irakurgarritasuna, informazioaren ulermena, premia bereziekiko sentsibilitatea, ilarak eta itxaronaldiak, segurtasun sentsazioa eta tresna teknologikoen ulermena.

Lagunkoitasun diagnostikoan sakontzeko eta datuetan objektibotasun handiagoa lortzeko, 75 elkarrizketa eta inkesta egin zaizkie 78 urteko batez besteko adina duten pertsonei.

Adinekoek bankuarekin duten tratuan ondoen baloratzen dituzten alderdien artean, inkestaren arabera, tratu pertsonala (adeitasuna, tratu ona eta sentikortasuna) edo espazio fisikoa (irisgarritasuna, irakurgarritasuna edo erosotasun sentsazioa) nabarmentzen dira, eta, balorazio txarrena lortu dutenen artean, pertsonek arreta jasotzeko gehiegizko itxaronaldiak, segurtasun eta konfiantza sentsazio txikia, ulertzen ez den teknologia bat nahitaez erabiltzea eta sukurtsal periferikoak desagertzea.

Durangoko Udala zein adinekoen kolektiboa kezkatuta agertu dira banketxeek ematen duten arreta presentzialaren bilakaeragatik, batez ere, azken urteetan hainbat sukurtsal itxi direlako.

«Beste herri batzuetan gertatzen den bezala, Durangon ere uste dugu garrantzitsua dela adinekoek zerbitzu duina izatea bankuko tramiteak egiteko. Zoritxarrez ikusten dugu baliabideen optimizazioa lehenesten dela arreta bera baino, eta horrek arazo ezberdinak sortzen dizkie herritarrei eta, batez ere, adinekoei», azaldu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Ikerketaren emaitzak

Ikerketaren emaitzek azaleratu dutenez, adinekoen %64k bankura bakarrik joaten jarraitzen du, eta %16 lagunduta joaten da aukera baldin badauka. Kasuen %54an, laguntzailea seme-alabaren bat da. Bitartean, %18 jada ez da bankura joaten, kopuru horretatik %93 «bankuak oso konplikatuak» direlako, eta %7 gaitasun fisikoak eta/edo mentalak galdu dituelako.

Aztertutako informazioarekin, adineko pertsonen taldeak bilerak egin ditu hainbat erakundetako ordezkariekin, adineko pertsona batzuek bankuarekin duten harremanean dituzten zailtasunak helarazteko, eta aldi berean haien bertsioa entzuteko, eta sukurtsaletan egunez egun bizi duten errealitatea eta arazoei irtenbidea emateko egiten dituzten ahaleginak ezagutzeko.

Era berean, lankidetza harreman bat ezartzea erabaki dute, sukurtsalek adinekoei eskaintzen dieten zerbitzua hobetzeko ideia errazak proposatzeko, aldaketarako konpromiso txikiak hartzera gonbidatzeko eta banku arduradunen aholkuak jasotzeko, adinekoek ahalik eta zerbitzurik onena izan dezaten.

Ekintzan parte hartu duten bankuak Banco Sabadell, CaixaBank, Bankinter, Kutxabank eta Laboral Kutxa izan dira. Arrakala digitala murrizteko helburuarekin, konpromisoa hartu dute tresna digitalak erabiltzen ikasteko tailerrak sortzeko, arreta pertsonalizatua ordutegi zabal batean bermatzeko, adineko bezeroentzako arreta telefono esklusiboa sortzeko eta kutxazainekin zailtasunak dituzten pertsonei sentsibilitatez laguntzeko.