Ion Salgado

Gasteizko tranbiaren luzapenaren proiektuak agerian utzi ditu Udal Gobernuaren desadostasunak

Tranbia Zabalganara heltzeko Lakuak proposatu duen proiektuaren aurkako ekimena onartu du ostiral honetan Gasteizko Udalbatzak, EAJ, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Gasteiz taldeetako zinegotzien botoekin. Udal Gobernuan jeltzaleen kide den PSEk ez ditu ekimenaren puntu guztiak babestu.

Gasteizko tranbia, artxiboko irudi batean.
Gasteizko tranbia, artxiboko irudi batean. (Juanan RUIZ | FOKU)

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Gasteiz taldeek adostutako testuaren lehen puntuaren aurka bozkatu dute PSEko zinegotziek. EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondorioz adostu da ekimena. Bertan premiazko bilera bat eskatzen da Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Sailarekin, Lakuak tranbia Zabalganara heltzeko proposatutako proiektuari buruz eztabaidatzeko eta zenbait aldaketa adosteko.

Hala nola, Udalak adostu nahi du tranbiaren kotxe-toki berrien kokapena, Aretxabaletako aukera baztertuz; eta Lovaina plazaren inguruan izaten den trafikoan tranbiak eragin ditzakeen arazoak aztertu nahi dituzte. Era berean, San Martin auzoari gutxien eragingo dion ibilbidea aukeratzea exijitu du Udalak, baita tranbia Jundizera heltzea.

Ekimenaren bigarren eta hirugarren puntuak aho batez onartu dituzte. Puntu horietan prozesu parte-hartzaile bat aldarrikatzen da, alderdiei eta hiritarrei irekia; eta urtea amaitu baino lehen Mugikortasun Planaren lantaldearen bilera deitzea eskatzen zaio Udal Gobernuari, Jundizko industriagunera eragiten dioten neurriak aztertzeko.

Eztabaidan agerian geratu da PSEren bakardadea Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailaren defentsan. EAJko Raimundo Ruiz de Escuderok azaldu du zer nolako eragina izango lukeen tranbiak Lovainan, bertatik  5.000 auto igarotzen baitira egunero. «Gauzak ondo egin behar ditugu, ez presaka», esan du.

Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak argi utzi du Zabalganako auzokideek tranbia zerbitzua behar dutela, baita Jundizen lan egiten duten herritarrek ere. «Proiektuak agerian uzten du bidezkoa dela, behar dena da borondate politikoa», esan du, eta gaineratu du kotxe-tokiak hegoaldean ezin direla kokatu.

Elkarrekin Gasteiz taldeko ordezkari Oskar Fernandezek ere nabarmendu du kotxetegiak ezin direna Goikolarran egon, eta proposatu du hiritarrekin batera akordio batera heltzea. «Adostu behar dugu», ohartarazi du.

PPk ekimenaren alde bozkatu du, baina kritikatu du talde proposatzaileen deia ez jasotzea. «Adostasunak nola ulertzen dituzuen kezkatzen gaitu», esan du Ainhoa Domaikak.

Marian Gutierrez PSEko zinegotziak proiektua babestu du, «onurak kalteak baino gehiago» direla azpimarratuz: «Zabalganak ezin du gehiago itxaron». Hala ere, kotxetegiak hegoaldean eraikitzearen aurka daudela esan du.