Maider Iantzi Goienetxe

Keinu soilen egia zalantzatian jarri du begirada Elena Olavek poema liburu berrian

57 poema laburrek osatzen dute ‘Keinura itzuli’ (Susa) Elena Olaveren liburua, 18 lerro ditu luzeenak, printza batzuk eman nahiko balira bezala. Galdutako zurrumurru edo historia baten aztarnak aurki daitezke, poemak eurak fosil bilakatuta, sedimentu ezberdinez osatutako aztarna arkeologiko. 

Elena Olave, ‘Keinura itzuli’ bigarren poema liburua aurkezten, asteazken honetan Donostian.
Elena Olave, ‘Keinura itzuli’ bigarren poema liburua aurkezten, asteazken honetan Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Elena Olaveren ‘Keinura itzuli’ (Susa) Durangoko idazlearen bigarren poema liburua da. Duela hiru urte ‘Zeldak -Gorputz honetatik-’ (Balea Zuria) plazaratu zuen. Mari Paz Jimenez artistaren inguruko album ilustratu bat argitaratu du aurten Irrimarrarekin batera, Pamielarekin.

Artearenganako interesa nabari da poema liburu berri honetan ere. Izenburuak liburu hasieran dagoen Chantal Maillarden aipuari egiten dio erreferentzia, keinu motzera, interes bakora itzultzea aipatzen du poeta belgikar-espainiarrak bertan. Leire Lopez Ziluaga editoreak Donostian egindako aurkezpenean azaldu bezala, keinu zalantzati horri erreparatzen zaio liburuan, atzemanezina izan daitekeen horri, deszifratzeko kode jakin bat ezagutzea eskatzen duena, adibidez Ann Walker eta Anne Lister nor ziren jakitea. Poemetako ahotsari ere kostatu egiten zaio batzuetan bere gorputzaren mugimenduak ulertzea.

Olavek deskribatu duenez, «keinu ezberdinetara itzultzeko ariketa baten ondorio» dira poemak. Keinua txikia bezain iragankorra den ekintza, gertakizuna edo mugimendua izan daiteke eta keinu hori bera biltzeko saiakera egin du.

Keinua poema gehienetan dago presente, «batzuetan modu esplizituan berba legez, beste batzuetan poema bera keinu edo keinu baten arrasto bilakatuz».

Desira

Liburuan keinu ugari dago, bizitzan bezala. Bi multzotan bana daitezke: desirarekin lotutakoak eta idaztearekin lotutakoak. Maite den gorputza ukitzeko, begiratzeko egiten den keinu hori eta idazten jartzeko egin behar duguna, adibidez.

Sortzaileak agertu duenez, poemak desiraren konplexutasunak bizitza eta idazketarekin duen harremanean arakatzeko nahi baten ondorio dira, lotu daiteke galdutako edo oraindik ezagutzen ez den mundu, gizaki, paisai edo gorputzeko sistema ezberdinekin.

«Idazketara itzultzeko ekintza gisa ere uler daiteke, desiratzen diren gorputz edo objektuak falta direnean testuak bilakatzen direlako desira hori proiektatzeko eta artxibatzeko metodo bat eta poemek idazketarekiko ardura bat islatzen dutelako», gaineratu du.

Inbentario bat

Lopez de Ziluagaren hitzetan, bizitza idazteko saiakera bat izan daiteke liburua, «saiakera horren emaitza irakur dezakegu eta saiakera horren berri, idazketa prozesuaren berri ematen duten poemak ere bai. Hala ere ez dago bizitza bere osotasunean jasotzeko asmorik, poemak argazki modukoak dira, momentu jakin bat biltzen dute askotan, inbentario prekario bat egiten dute».

57 poema laburrek osatzen dute obra. Segidan emanda daude denak, atalkatzerik gabe, elkarri oihartzun egiten, osatzen edo ñabartzen. Ez dira beti gardenak, badute misterio kutsu bat.

Honakoak dira errepikatzen diren motiboak: lore eta landareak, animaliak, natura oro har. Bizitza erritualizatzeko nahi bat ere bai. Artearen eta bizitzaren arteko gurutzaketak. Urtaroen presentzia. Eta gorputza guztiari eusten liburu osoan. «Badago gauzak deskubritzearen poz hori, enigmak ezagutzeko desira hori», adierazi du editoreak.

«Kontakizun handien aurrean, keinu soilen egia zalantzatian jarri du begirada Elena Olavek, testuaren eta bizitzaren arteko mugak arakatu ditu, nola bilatu poetika berri bat agerikoa ez denaren zurrumurruan, eternoak nahi luketen uneen testuetan. Gorputza du esplorazio zelai», erantsi du.

Fantasia

Iraganaren, orainaren eta etorkizunaren artean saltoka ibili da egilea, jolasean, Maider Garaioren azala duen liburu honetan. «Fantasian oinarritutako pentsamendu eta adierazpenak bidelagun izan ditut, sorkuntza eta errealitatera gerturatzeko bestelako moduak eskaini dizkit».

Paisaia horretan izaki ezberdinak daude, narratzaile orojakilea dirudien ahots bat, eta guztiek partekatzen dute kode, sinbologia eta iruditeri bat.

Keinuarekiko interes hau azkenaldian irakurritako testuek elikatu dutela azaldu du egileak. «Nik neuk argi ikusten ditut keinuaren eta poemaren arteko loturak: mugimendu osoaren zati bezala uler daitezke, haien txikitasunean mundu oso bat gordetzen dutelako. Biak izan daitezke zatia eta osotasuna. Txinparta solteak izateaz batera sua ere izan daitezke». Hori da gehien interesatzen zaiona bi kontzeptuen loturan.