NAIZ

EH Bai ez dator bat Urruñako auzapezak A11ri buruz eginiko adierazpenarekin

«Frantziak erailak» lemarekin Urruñako Pausu auzoan Azaroaren 11ko «besta» egunaren kari agerturiko banderolaren harira adierazpena plazaratu zuen herriko auzapezak. EH Baik Filipe Aramendik azalduriko iritziarekin bat ez duela egiten argitu du agiri baten bidez.

Azaroaren 11ren harira Pausuko auzoan agerturiko banderola. (@kazetaeus)
Azaroaren 11ren harira Pausuko auzoan agerturiko banderola. (@kazetaeus) (DR)

Lehen Mundu Gerraren armistizioa markatzen duen Azaroaren 11 besta egun ofiziala da frantses Estatuan.

Gatazka odoltsu horrek Euskal Herrian izan zituen ondorioei buruz oharra egiteko Hendaian eta Urruñan agerturiko mezuei auzapezek emandako erantzunak ika-mika piztu du aurten.

Hendaiako auzapez sozialistak, Kotte Ezenarrok, salaketa ezarri zuen azaroaren 14an herrian agerturiko pintadaren harira.

Arduradunik zehaztu gabe, eremu publikoan sorturiko kaltea egotzi zien banderolaren egileei.

Urruñako auzapezak, Filipe Aramendi abertzaleak, berriz, salaketa ezartzea hausnartzen zuela azaldu zuen iragan ostiralean, hilaren 18an, hedabideei helarazitako agiri batean.

«Azaroaren 11 oroitzea gure herrietatik heldutako heroi xumeak oroitzea da, baita beraiek eginiko sakrifizioa ez zela hutsala izan adieraztea; era berean bakea eta oroimenaren engaiamendua belaunaldiz belaunaldi iraunaraztea ere», idatzi zuen Aramendik.

Adierazpen horiek ika-mika areagotu zuten. Hala, «gogorra baldin bada ere, Lehen Mundu Gerlan bizia galdu zuten soldaduek ez zuten ‘gure bizitzeko eta pentsatzeko askatasunaren’ alde egin, baizik eta Frantziako, Alemaniako eta beste hainbat herrialdetako burgesien aberastasun gose asezina eta hauen botere kolonialista defendatzeko», adierazi zuen Uztailaren 14 kolektiboak.

Bi auzapezak eta, bide batez PS eta EH Bai alderdiak, hitz horiek ekarri zezaketen ondorio errepresiboen erantzule egin zituen taldeak.

Adierazpen askatasunaren baitan kokatu du EH Baik banderola ezartzea

Finean, Filipe Aramendik eginiko adierazpenekin bat ez datorrela argitzeko oharra plazaratu zuen atzo EH Baik.

«EH Baik ez du inolako irainik ikusten banderola horren testuan. Ondorioz horren kontrako plenta pausatzeak ez luke zentzurik, banderola bat zintzilikatzea berez ez baita delitu bat, adierazpen eskubidearen molde bat baizik», adierazi du.

Ezkerreko mugimendu abertzaleak erantsi zuenez, «Lehen Mundu gerlako euskal hildakoak, beste nazio eta herri guztietakoak bezala, nazionalismo konkistatzaileen agindupean bildurik, inperialismo eta Estatu desberdinen arteko etsaigoaren biktimak izan ziren».

Horrez gain Ipar Euskal Herrian ehunka gizon gazte intsumitu edo desertore izan zirela oroitarazi zuen. «Gerla horrek sortu zuen trauma kolektiboaren ondorioz, eragin handia izan zuen frantses nazionalismoa eta Frantziarekiko identifikazioa sustraitzeko euskal jendartean».

EH Baik «hildakoei errespetu osoa» zor zaiela berretsi zuen agiri horretan. Hori esanda, iradoki du azaroaren 11ko data «aukera izan behar dela logika inperialistak eragin desmasiak eta zapalkuntzak oroitu eta belaunaldi berriei transmititzeko».