NAIZ
Gasteiz

Osakidetzako garbiketako azpikontratatutako langileak homologazioaren alde mobilizatu dira

Osakidetzako zentroetan azpikontratatutako garbiketa zerbitzuetako langileek kontzentrazioa egin dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatu eta Osakidetzako langileen lan baldintzekin homologatu ditzatela aldarrikatzeko.

Osakidetzako garbiketa zerbitzuetako azpikontratatutako langileak, Gasteizko Parlamentuaren aurrean.
Osakidetzako garbiketa zerbitzuetako azpikontratatutako langileak, Gasteizko Parlamentuaren aurrean. (@LABGasteiz)

Osakidetzako zentroetan azpikontratatutako garbiketa zerbitzuetako langileek elkarretaratzea egin dute ostegun goiz honetan Gasteizko Parlamentuaren aurrean, hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean homologazio printzipioaren alde. Salatu dutenez, bost urte inguru daramatzate hitzarmendik gabe.

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek zzaldu dutenez, enpresa emakidadunekin «berrogeita hamar bat bilera» egin dituzte, baina  hala ere «ez dute inoiz akordio batera heltzeko borondaterik erakutsi».

Beren hitzarmena Osakidetzako langileen baldintzekin «benetan» homologatzea aldarrikatzen dute. Zehaztu dutenez, hor sartzen dira, besteak beste, karrera profesionalerako sarbidea eta errelebo kontratuari lotutako erretiro partziala.

«Gogorarazi behar dugu gure hitzarmenak, berez, Osakidetzako langileen baldintzekin homologatuta gaudela adierazten duela, baina praktikan ikusten ari gara enpresak homologazio hori indargabetzen ari direla Osakidetzako langileek azken urteotan izan dituzten hobekuntzak aplikatzeari uko egiten diotenean», deitoratu dute.

Ohar batean adierazi dutenez, berriki jakin dute, «sektoreko enpresa nagusiaren ahotik, Osakidetzako zuzendaritzak adierazi duela ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, karrera profesionaleko osagarria, alegia». Sindikatuen arabera, horrek azken hamarkadetan zehar indarrean egon den homologazio printzipioa «haustea» dakar.

Horregatik, diote, sektoreko langileak hitzarmenaren defentsan eta homologazioaren alde «mobilizatzera behartu dituzte». Modu horretan, «borrokaren bidez bakarrik lortuko dugu gure aldarriei kasu egin diezaieten».

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek goizean egin duten mobilizazioaz gain, Parlamentuko Osasun Batzordean parte hartzeko eskaera erregistratu dute eta ez dute baztertzen datozen asteetan mobilizazioa gogortzea.