NAIZ

Familia-harremanetan mugikorrek eragiten dituzten etenaldiak egiaztatu dituzte Bizkaian

BBK Family-k Bizkaiko 600 familia baino gehiago elkarrizketatuz burutu duen ikerketa baten arabera, mugikorrek distrakzioak eta etenaldiak eragiten dituzte familia-harremanetan. Gurasoen %80a aitortu du gailuari begira ari direla haurrarekin daudenean.

Mugikorrek familia-harremanetan oztopoak eragiten dituzte, Bizkaian frogatu dutenez.
Mugikorrek familia-harremanetan oztopoak eragiten dituzte, Bizkaian frogatu dutenez. (Getty Images)

Familien barneko harremanetan mugikorrak oztopo bat dira, distrakzioak eta etenaldiak eragiten baitituzte, BBK Family-k Pepa Horno psikologoarekin eta Mar Romera pedagogoarekin batera ‘Bizkaiko familien beharrizanei buruzko azterketa. Gurasoen gaitasunak hazkuntzan’ egindako ikerketak azaleratzen duenez. Sei eta hamabi urte bitarteko seme-alabak dituzten 600 familia baino gehiago elkarrizketatuz burutu dute eta gurasoen %80ak haurrarekin dagoen bitartean mugikorrari begira dagoela aitortu du.

Ostiral honetan aurkeztu dituzte azterlanaren emaitzak eta ondorioak Bizkaia aretoan. Abiapuntua honako galdera hauei erantzutea izan zen: Zer guraso-gaitasun dituzte Bizkaiko familiek? Zer ahulezia eta zer indargune dira ohikoenak? Gaur egun, seme-alaben hazkuntzarako, zer laguntza mota erabiltzen dituzte Bizkaiko familiek, eta zergatik?

Ohar batean laburbildu dutenez, seme-alaben hazkuntzari eta horrek eskatzen dituen gaitasunei dagokienez sentsibilitate handia dagoela erakusten du azterketak. Emaitzei erreparatuz gero ikus daiteke sentsibilizazioa teorikoa dela praktikoa baino: %90ak onartzen du gauzak beren kabuz egitera bultzatzen dituztela seme-alabak, baina soilik %11,3k dio seme-alabak etxeko lanekin ez dituela laguntzen.

Autoestimuari dagokionez, umeak zeregin bat garatzen duenean egiten duen ahalegina, eta ez emaitza bakarrik, balioesten dute % 93,8k; % 87,5ek zer egiten duen ondo eta zer hobetu dezakeen esaten diote bere seme edo alabari, eta % 87,1ek berarengan benetan ikusten dituzten ezaugarriak esaten dizkiote.

Hazkuntzarako gaitasunak

Generoaren arabera bereizita, gizonek hobetzeko tarte handiagoa dute, adibidez, honelakoetan: beren seme-alabei maite dituztela esplizituki erakusteko edo haiekin zerbait egiten ari direnean mugikorretik deskonektatzeko. Era berean, jokabide txar baten aurrean aurrez iragarritako ondorioak betearazteko orduan, ez dira hain zorrotzak izaten, eta are gehiago kostatzen zaie beren akatsak aitortzea seme-alaben aurrean.

Emakumeen kasuan, hobekuntza-marjina handiagoak ikusten dira beren buruaren zaintzan; izan ere, ia ez dute beren buruarentzako tarterik, gustatzen zaiena egiteko; gainera, seme-alabekin eztabaidatzeko orduan, arinago galtzen dute baretasuna, eta oihuka hasten dira.

Bestalde, guraso-gatazkari edo -estresari eta emozioen erregulazioari buruzko gaitasunak dira, aztertutako guztien artean, azterketan okerren agertzen direnak, eta hori kontziliazio- eta bizipen zailtasunen eta emozioen erregulazioaren ondorio izan ohi da.

Hiru pertsonetatik batek esan du ez duela hazkuntzarako laguntzarik familia eta lagunen artean. Horregatik hiru laurdenek gizarte- eta hezkuntza-laguntzako baliabideak erabili ohi dituzte. Emakumeek gizonek baino askoz maizago erabiltzen dituzte, gainera.