Alaia Sierra

Gurnah Nobel saridun afrikarraren ‘Paradisua’ euskaratu dute Maialen eta Joxe Mari Berasategik

Abdulrazak Gurnahren ‘Paradisua’ eleberria itzuli dute lau eskutara Maialen eta Joxe Mari Berasategik. Jatorriz ingelesez idatzita, Tanzaniako gazte baten bizitzaren bitartez ezezaguna den kultura eta gizarte baten erretratua egiten du idazleak.

Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategi itzultzaileek ‘Paradisua’ aurkeztu dute ostiral honetan Donostian.
Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategi itzultzaileek ‘Paradisua’ aurkeztu dute ostiral honetan Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jokin Zaitegi sarien irabazle izan ziren Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategi, Elkar argitaletxeak eta Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak elkarrekin antolatutako itzulpen-lehiaketa. Literatur Nobel saridunen lanak euskaratzea du xede eta oraingoan Abdulrazak Gurnah idazle tanzaniarraren ‘Paradisua’ren txanda izan da.

Yusuf da Gurnahren laugarren eleberriaren protagonista. Ostiral honetan egindako liburuaren aurkezpenean Maialen Berasategik laburtu duenez, gaztearen aitak Aziz izeneko merkatari aberats baten esku uzten du Yusuf, berarekin daukan zor bat kitatzeko bide gisa. Horrela, Azizen zerbitzari bezala Afrikaren erdialdean zehar bidaiatzen du, hainbat triburekin eta zailtasunekin topo eginez.

Abdulrazak Gurnahren ama-hizkuntza swahilia den arren, ingelesez idatzitako eleberria da ‘Paradisua’. Xehetasun hori, hain zuzen, izan da Joxe Mari Berasategik nabarmendu duena; izan ere, Gurnahren bereizgarri da literatura postkolonialaren hausnarketa eta ingelesez sortzea narratiba inperialistarekiko desafiotzat hartzen du gaztetan Ingalaterrara iheslari joan zen Nobel saridunak.

Nahiz eta ingelesezko nobela den, Afrikan kokatuta dagoen heinean, hitz eta izen asko swahiliz idatzita daude. Honek «lan handia» eman diela aitortu dute itzultzaileek, interneten laguntzaz glosario bat sortu behar izan baitzuten, «zorionez» liburuaren edizioan txertatu behar izan ez dutena.

Horren harira, swahili ‘lingua francak’ -hainbat hizkuntzen hiztunek elkarren artean ulertu ahal izateko lengoaia komuna- eleberrian duen garrantzia azpimarratu du Joxe Mari Berasategik. «Askotan ez zaigu iruditzen Afrika kontinente bat denik, baina 114 hizkuntza ditu», azaldu du, ‘Paradisuan’ interpreteen papera bistaratuz.

Hala eta guztiz ere, kontakizuna sinplea ez den arren, bi itzultzaileak bat datoz Gurnahek idazkera sinple eta ulerterraza erabiltzen duela, «ez du esplikatzen, erakutsi baizik».

Hortaz, ‘Paradisua’ Euskal Herritik urrun dauden hainbat kultura eta erlijioren erretratua den arren, desberdintasun horiek gainditzea «erraza» izan da Maialen eta Joxe Mari Berasategirentzat. Azken honek argudiatu duenez, «gu ere Bibliaren umeak gara» eta, liburuak erakusten duen gizartean bezala, «mito eta kontakizunek garrantzi handia dute gurean ere».

Jokin Zaitegi bekari esker itzulitako 18. obra da honakoa. Urtero Literatur Nobel Sariaren irabazlearen lan bat itzultzeko erronka irekitzen dute. Gurnahren ondoren, Annie Ernaux aurtengo saridunaren ‘La femme gelé’ (‘Emakume izoztua’) euskaratzeko lehiaketa irekita dago datorren urtarrilaren 6ra arte. Antolatzaileek proposatutako pasarte baten itzulpena bidali behar da hautagai izateko.