NAIZ

«Kezka eta ezinegona» erakutsi du Pantailak Euskaraz-ek Bingen Zupiriaren adierazpenen ostean

Asteazkenean Bingen Zupiriak Hamaika Telebistan egindako adierazpenen aurrean «kezka eta ezinegona» azaldu du Pantailak Euskaraz egitasmoak. Zupiriak euskarazko sorkuntza eta azpidatziak lehenetsi zituen bikoizketaren gainetik.

Hainbat eragilek izenpetu zuten Durangon euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua.
Hainbat eragilek izenpetu zuten Durangon euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua. (Marisol Ramirez | FOKU)

Hamaika Telebistako ‘Gurean Gaur’ saioan izan zen Bingen Zupiria Kultura Sailburua iragan asteazkenean, azaroak 23, eta bertan egindako adierazpenek «kezka eta ezinegona» sortu dute ikus-entzunezko sektorean. Saioan, gazteen kontsumo ohiturez jardun zuen Zupiriak, eta nabarmendu zuen irratia eta telebistaren aurrean mundu digitala «kontsumo masiborako sortutako mundu bat» den heinean «eduki guzti horiek euskaraz edukitzea amets bat» dela.

«Pentsatu beharko genuke nola kokatu behar dugun ikus-entzunezko mundu horretan eta, nik, apostu bat egin beharko banu, gehiago egingo nuke euskaraz sortutako produktuen alde eta azpidatzitako produktuen alde bikoizketaren alde baino gehiago», ziurtatu zuen.

Adierazpenon aurrean «kezkatuta» azaldu du Pantailak Euskaraz egitasmoak. Prentsa ohar bidez, Zupiriaren Sailaren «itsutasun estrategiko nabaria» salatu dute eta gogora ekarri dute ikus-entzunezko eskaintza erraldoi eta masibo horren baitan, erakundeei dagokiela euskarazko eskaintza «sendo eta duina» bermatzea. «Hala ez egitea arduragabekeriaz jokatzea litzateke eta, euskaldunoi hizkuntza eskubideak ez bermatzeaz gain, euskarari kalte konponezina eta itzulezina eragingo lioke», argudiatu dute.

Hala, Zupiriari «arazoaren muinera» jo dezan eskatu diote, «herri honetan arazoa euskara bigarren mailan dagoen hizkuntza» dela berretsiz. «Erakundeetatik ez da euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko apustu irmoa egiten; horren adierazle ukaezina da EITBtik eta Kultura Sailetik ikus-entzunezkoetara bideratzen diren aurrekontu eta diru-partiden zatirik handiena gaztelerazkoetara bideratzea», jarri dute azpimarra.

Apustu garbirik ez

Era berean, azpidatzien aldeko «apustu argirik» ez dela egiten salatu dute, EITBn eta zinema aretoetan euskarazko azpidatziak bakanak direla gogoratuz, eta, euskarazko ekoizpenei dagokienez, Pantailak Euskarazek uste du «Kultura Sailak ez dituela behar besteko irmotasunez euskarazko ekoizpenak lehenesten». Datu bezala, EITBk parte hartu duen 208 ekoizpenetatik jatorrizko bertsioa euskaraz soilik 70ek izan dutela adierazi dute: «EITBk lagundutako bi heren gaztelerazko ekoizpenak izan dira».

Azkenik, euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko bidean bikoizketa «zutabe ezinbestekoa» dela nabarmendu eta Zupiriak gidatutako sailari eskatu diote hainbat eragilek 2021ean Durangon izenpetutako manifestuari jaramon egin eta euskarazko zinemagintza sustatzea, Kultura Sailaren aurrekontuaren %2a nazioarteko edukiak euskarara bikoiztera zuzentzea, azpidatzien erabilera orokortzea eta ildo horiek barnean hartuko dituen politikak abiatzea.