Maite Ubiria

Gehiengo soberanistaren bidelagunak ondoan zituela itxi du bere kongresua EH Baik

Irailaz geroztik garatu duen kongresuaren amaiera ekitaldia burutu du Euskal Herria Baik Baionako Elkarteen Etxean. Alderdi soberanistaren eta gehiengo sindikaleko ordezkarien aterpean, burujabetzaren bidetik aitzina egiteko mandatua bere egin du zuzendaritza berriak.

EH Bairen zuzendaritzako kideek eta ekitaldian parte hartu duten militanteek 'Eusko Gudariak' batera kantatu dute kongresuaren amaieran.
EH Bairen zuzendaritzako kideek eta ekitaldian parte hartu duten militanteek 'Eusko Gudariak' batera kantatu dute kongresuaren amaieran. (Bob EDME)

Euskal Herria Baik indar subiranisten eta gehiengo sindikalaren babesa jaso du, gaur, bere ibilbidean mugarri berria ezarri duen lehenengo kongresuaren amaiera ekitaldian.

Gasteizko Legebiltzarreko bozeramailea den Maddalen Iriarte buru zuen ordezkaritza igorri du EH Bilduk. Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko koalizio subiranistak izendatu dituen hautagaiak bere ondoan izan ditu Garikoitz Mujika eta Igor Zulaika.

Eusko Alkartasunaren izenean, Peio Urizar idazkari nagusi ohia eta Lorena Lopez de Lacalle nazioarteko arduraduna bertaratu dira EH Bairen lehenengo kongresura, baita Sorturen zuzendaritzako kide bi ere, Arkaitz Rodriguez idazkari nagusia eta Elena Beloki.

Gehiengo sindikalari dagokionez, Xabier Anza eta Amaia Muñoz heldu dira ELAren izenean, eta Argitxu Dufauk eta Igor Arroyok ordezkatu dute LAB sindikatua.

Xutik Gazte dinamikaren ordezkariak han izan dira baita ere, hautetsi eta eragile sozial anitz elkartu dituen ekitaldi politikoan.

Burujabetzaren aldeko konpromisoa partekatzen duten eragileen babesean, hamarnaka militante bildu dira Baionako Elkarteen Etxean, goizean goizetik, 2022-2026 arteko plangintza politikoa zehaztu eta zuzendaritza berria hautatzeko.

Iragan uztailean bere lehenengo kongresuaren data ezagutzera eman zuen EH Baik.

Geroztik hamarnaka bilera egin ditu mugimenduak hiru lurraldeen gaindi bere sorreratik  «eztabaidarik zabalena» ahalbideratuz.

Bozketen emaitzak

EH Baik bere poztasuna agertu du kongresuak izan duen «behetik gorako» bilakaerarengatik. Oroitarazi zuenez, 250 lagunetik gora izan dira 34 herritan eginiko bilkuretan.

Bozketen emaitzari dagokionez, 235 kongresu kidek parte hartu dute gaurko bozketetan.

Hala, ‘Aitzina Goaz-Un projet pour le Pays Basque’ izeneko txosten politikoak %100eko babesa jaso zuen.

Zuzendaritzak %94ko sostengua bildu du. Lan taldea guztiz osatu arte lan ardura zehatzak ezagutuko ez badira ere, dagoeneko koordinatzaile nagusiaren eta bozeramailearen eginkizunak nortzuk beteko dituzten ezagutzera eman du ekitaldiaren amaieran EH Baik.

Hala, Nikolas Blain izanen da koordinatzaile nagusia, eta Mathilde Hary, berriz, bozeramaile lanetan arituko da. Horiekin batera hauek dira zuzendaritzako beste kideak: Itxaso Cuevas, Xabi Thicoipe, Ibai Agirrebarrena, Lola Garcia, Jon Irazola, Gaby Arestegui, David Lannes, Xabi Larralde, Nerea Peponnet, Mattin Etcheverry eta Mikaël Treilhaud Daramy.

Alderdien koalizioa

Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna eta Batasuna alderdien arteko koalizio gisara sortu zen EH Bai 2007. urtean. Handik zazpi urtetara mugimenduaren izaera hartu zuen.

'Aitzina Goaz' lelopean iragan den kongresuaren baitan onarturiko txosten politikoaren arabera, «adin guzietako gizabanakoz edota herritarrez osaturiko mugimendu anitza» bezala aldarrikatuko du aurrera begira bere burua EH Baik.

Gauzak horrela alderdiak ez dira eragile gisa gehiago ordezkatuta izanen zuzendaritza berria.

Anita Lopepe bozeramale ohiaren hitzetan, bere jatorrizko baloreei atxikiaz, gero eta herritarrengana heltzeko anbizioa du ezkerreko mugimendu abertzaleak.

Hain zuzen, kongresuaren ondorioz hautatua izan den zuzendaritza berriari egokituko zaio Baionako Elkarteen Etxearen gela nagusia bete duten militanteek bozkatu duten programa onera eramateko «gure eremutik harago bidelagunak antzematea».

Koordinatzaile nagusi gisara hautatua izan den Nikolas Blainek azaldu duenez, alde batetik gizarte zibilarekin eta bestetik krisialdi soziala eta klimatikoari aurre egiteko asmoak partekatzen duten beste indarrekin lan egin nahi du EH Baik «agenda bat adosteko eta elkarlanean aitzina egiteko».

Kongresuaren amaierako ekitaldian ezker hexagonalaren hainbat alderdiren ordezkariak izan dira, hala nola NPA, Générations eta Ensemble Insoumise.

Lurralde Elkargo batera igarotzeko helburua mahaigainean

EH Bairen bozeramale bezala jardunen duen Mathilde Haryk argiki adierazi du Euskal Elkargoak ez duela asetzen «erabaki guztiak» Euskal Herrian hartzea defendatzen duen mugimendua.

Horrendako, «estatus politikoaren auzia eztabaidaren erdigunera» ekartzeko ahaleginduko da EH Bai. Horren aldeko gehiengo politiko eta soziala anitza badela oroitariz, ertaineko helburu bezala estatus bereziko elkargoaren sorrera sustatuko duela EH Baik azaldu du bozeramaleak.

«Herri bezala, ahots batetik Parisen aurrean hitz egiteko» borondatea berretsi du Nikolas Blainek, era berean ekitaldiaren hasieran hitza hartu duten nazioarteko ordezkariek lau haizetara zabaldu duten mezuarekin bat eginez.

Nazioartetik heldutako ordezkaritza zabala

Bretainia, Okzitania, Corsica, Kaledonia Berria edota Polinesiatik heldutako bidelagun ondoan izan ditu bere kongresuaren itxiera ekitaldian EH Baik.

Hain zuzen, militanteen txalo zaparrada beroenak jaso dituzte borroka luzea garatu duten bi herrialdetako ordezkariek.

Iragan udaberrian egin ziren frantses hauteskunde legegileetan polinesiarrek hiru diputatu independentista hautatu zituzten.

Olatu soberanista horren helburua ez dela hesi berriak altxatzea baizik eta «Parisekin berdinen arteko harremana sustatzea» nabarmendu du Moetai Brotherson ordezkari independentista polinesiarrak.

2025ean kanakiarrek «erabateko burujabetza» eskuratu ahal dezaten lan eginen dutela gaineratu du, bere aldetik, Joseph Boaremoak.

«EH Bildu ez dugu ulertzen EH Bai ondoan izan gabe». Esaldi horrekin laburbildu du Maddalen Iriartek koalizio soberanistak EH Bairekin duen harremana.

«Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik ikusiz eta ikasiz herri bat garela esan behar dugu Europan» defendatu du EH Bai eta Bildu berme direla «feminismotik, ekologismotik, duintasunetik, herri bat eraikitzeko» defendatu duen Iriartek.

EH Bildu eta EH Bairen akordio estrategiko horretan sakontzeko asmoa berretsi dute bai Iriartek baita bere ondoren amaierako hitza hartu duen Blainek ere.