NAIZ

Balmasedako suteak kaltetutako basoak berreskuratzeko lanak neguan hasiko dira

Bizkaiko Batzar Nagusiek jakinarazi dutenez, Balmasedan urrian izandako sutean mendiko 500 hektarea inguru erre ziren hiru ordu baino gutxiagoan. Zuhaitzen berrikuntza lanak neguan hasiko dira eta oposizioak eukaliptoa eta intsinis pinua ez landatzea eskatu du, ez baitira espezie autoktonoak.

Balmasedako sutean erre ziren basoak neguan hasiko dira berriztatzen.
Balmasedako sutean erre ziren basoak neguan hasiko dira berriztatzen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Urriaren 23an Balmasedan sortutako suteak 500 hektarea erre zituen, %90a hiru ordu baino gutxiagoan, ostegun honetan Bizkaiko Batzar Nagusiek jakinarazi dutenez. Kaltetutako basoak neguan hasiko dira berreskuratzen. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak autoktonoak ez diren eukaliptoa eta intsinis pinua (‘pinus radiata’) ez landatzea eta basoak hobeto garbitzea eskatu dute.

Amaia Antxustegik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak sutearen inguruko datuak eman ditu ostegun honetan, Batzar Nagusietan EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta, Bizkaian azken 33 urteotan izandako suterik handienaren xehetasun gehiago jakiteko.

Antxustegik gogorarazi duenez, Ertzaintzak eta Foru Aldundiak egindako ikerketen arabera, baliteke adar bat linea elektriko batera erortzea izan zela sutearen jatorria. 120 kilometro orduko haize boladek eta lurraren lehortasunak, hilabete askotan prezipitazio gutxi izan ondoren, suaren «hedapen leherkorra» eragin zuten.

Hiru metroko altuera eta kilometro bat orduko hedapen-abiadura zuen sugar-fronte bat izan zuen suteak eta ia osorik zeharkatu zuen Balmasedako Arbaliza mendia, onura publikokoa den mendi honen azalera osoaren 341 hektareetatik 318 erre baitziren. Zallako Basoaga mendian, sugarrek Kadagua ibaia «gainditu» eta aurrera jarraitu zuten.

Hala ere, diputatuak azpimarratu duenez, urriaren 23tik 25era arte iraun zuen sualdian ez zen «kalte pertsonal larririk» gertatu, «kea arnasteagatik eta erredura txikiengatik» pertsona batzuk bakarrik zauritu ziren eta.

111 langile eta 32 ibilgailu

Igandean izan ziren suteari aurre egiteko langile gehien: 111 pertsona, foru suhiltzaileen eta Mendu Zerbitzuko Aldundiko eta Basalan elkarteko langileen artean, 32 ibilgaiuren laguntzarekin, tartean 17 ur-kamioi.

Bilboko eta Arabako suhiltzaileen, Armada espainarraren bi ur-hegazkinek eta Baso Errefortzuen Brigadako helikopteroek ere lagundu zuten sua itzaltzen.

2024ko udaberrian guztiz berriztatuta

Erretako ia hektarea guztiak zuhaiztiak dira, batez ere intsinis pinua, baina izeiak, eukaliptoak eta haritzak ere badaude, besteak beste. 23 hektarea larre baino ez ziren erre.

Kaltetutako baso-masen zati txiki bat baino ezin izango da salbatu; izan ere, guztizkoaren %80ak «kalte larria» du, eta, horren ondorioz, «zaila da bizirik irautea», azaldu du foru diputatuak.

Nabarmendu duenez, Aldundiak «ahalik eta lasterren» ekin nahi dio kaltetutako basoak berreskuratzeari, eta aurreikusi du lanak negu honetan hastea, 2023an jarraitzea eta 2024ko udaberrian amaitzea.

«Ahal diren ale guztiak zutik mantenduko dira» eta zura saltzeko aprobetatu ahal diren zuhaitz helduak moztu eta prozesatuko dira.