Maite Ubiria

49.3 artikulua zazpi aldiz baliatu ondoren pentsioen erreformari data jarri dio Bornek

Zazpi aldiz zapaldu du azeleragailua dekretuen bidez gobernatzeari beldurra galdu dion lehen ministro frantziarrak. Atzo bertan Segurtasun Sozialeko Aurrekontua onartarazteko baliatu zuen Elisabeth Bornek 49.3 artikulua. Bi aste barru, pentsioen sistemari buruzko erreforma aurkezteko asmoa du.

Elisabeth Borne, lehen ministro frantziarra.
Elisabeth Borne, lehen ministro frantziarra. (Charly TRIBALLEAU | AFP)

Elisabeth Bornek 'Le Parisien' egunkariak ostiral honetan argitaraturiko elkarrizketa baliatu du pentsioen sistemari buruzko eztabaida bere azken etapan sartu dela agerian uzteko.

Heldu den astean, eragile sozialekin bilera sorta deitua du Lan Ministerioak, eta handik astebetera, hilaren 15aren inguruan, erretreta hartzeko adina gibelatzea aurreikusten duen egitasmoa mahaigainean jartzeko asmoa du Matignoneko maizterrak.

Emmanuel Macron berak baino urrutiago jo du lehen ministroak, jubilatzeko adina 62 urtetatik 65 urtetara eramateko aspaldiko asmoa berreskuratuz.

Egitasmo horrek gizartean sortzen zuen ezinegona ikusita, jubilazio adina 64 urtetan ezartzea ontzat eman zuen presidenteak iragan udaberrian. Izan ere, kotizazio urte kopurua emendatzeari atera ireki zion orduan Macronek.

Lehen ministroak helburu zehatza finkatu du gaur. 2023ko uda amaitu baino lehen nahi luke erreforma abian jartzea. Horrek erritmoak azkartzea galdetzen du. Hala eta guztiz ere,  Bornek prozesu mailakatua aurreikusten duela azaldu du.

1961. urteko bigarren seihilekoan jaiotako langileek lirateke erreformaren eraginak jasoko lituzketen lehenak.

Pintinka-pitinka, erretreta hartzeko adina gibelatuko zen, 2031ean ereferentziazko adina 65 urtetan finkatu arte.

Hamarkada baten bueltak sistemaren oreka bermatzea

Lehen ministroak emandako azalpenaren arabera, helburua litzateke hamarkada baten bueltan «sistemaren oreka berreskuratzea».

'Baby Boom' delako belaunaldikoak erretretara partituko direnean horrek sortuko duen behin-behineko zuloa betetzeko beste hainbat aukera izan badira.

Hala nola, enpresetako gizarte kotizazioak denbora zehatz batean emendatuz edo Estatuaren Aurrekontuen bidez desoreka gainditzea gauzagarria litzateke.

Ezkerreko oposizioak eta baita hainbat sindikatuk ere irtenbide horiek defendatzen dituzte. Era berean arazoa koiuntulara dela nabarmentzen dute. Demografoek epe mugatu batean kokatzen dutelako sistemaren jasangarritasunari dagokion arazoa.

Kosta ala kosta, egitasmoak aurrera atera ditu Gobernuak

Alta, frantziar Gobernuak hasieratik baztertu ditu bide horiek. Lan bizitzaren luzapena hobetsi du, kotizazio urteen emendatzea guztiz baztertu gabe.

2027an pentsio kutxen defizitak 12.000 milioiko langa gaindituko duela oharra eginez, «era mailakatu batean bada ere, urte gehiago lan egitera jo behar dugu» adierazi du azken astetan 49.3 artikulua zazpi aldiz baliatu duen Bornek.

Hala da, lehen ministroak beldurra galdu dio dekretuaren bidez gobernatzeari. Horrendako pentsioen sistema berri plantan emateko eman duen urratsa serioski hartu dute eragile guztiek.

Legebiltzarrean gehiengoa ez badu ere, akordioak bilatu ordez bere egitasmoak dekretuaren bidez atera ditu aurrera Bornek.

Atzo bertan, Segurtasun Sozialaren Aurrekontua onartzeko aski sostengu ez zuenez, diputatuen bozketa saihesteko Konstituzioaren 49.3 artikulua erabili zuen sistema horri buruzko tabua guztiz hautsi duen lehen ministroak.

Pentsioen Erreformak kezka handia eragiten duen afera dela jakitun, hainbat ziurtapen eman ditu eskuinaren babesa lortzeko lan eginen duen Bornek.

Gauzak horrela pentsiodunek hilero jasotzen duten saria ez dela apalduko ziurtatu du lehen ministroak. Izan ere, langileek urte gehiago lan egingo dutenez, finean, diru gutxiago eskuratuko dute pentsiodun gisara.

Lan ibilbide luzea egin duten langileek -hau da 20 urte baino gazteago zirenean lanean hasi zirenek- edo lanbide zailetan jardun dutenek berdin jarraitu ahalko dute erretreta 62 urterekin hartu.

Laborantza alorrean jarduten duten langileen egoera hobetzera eta emazteek pairatzen duten pentsio arrakala zuzentzera joko luke, baita ere, sistema berriak.

Gobernuak gogoetatzen duen erreformak 1.200 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko luke.

Eragile sozialak, esku hutsik

Elisabeth Bornek hilaren 15aren inguruan -edozein kasuan Eguberriko oporraldiaren aitzin- aukeztuko du bere egitasmoa. Hala tramitazioa urte hasieran hasteko moduan litzateke gobernu burua.zan ere, sindikatua kexu azaldu dira, gaur gaurkoz ez dutelako egitasmoari buruzko inolako txostenik jaso.

Beraien esanetan ez da onargarria, negoziaketa berriz abiatzeko egun batzuk baizik ez direnean falta, «esku hutsik» izatea.

Hilaren 7, 8 eta 9an eginen dira pentsioen sistema erreformatzeko azkeneko bilerak, eta ordurako gizarte eragileek «gidoia» jasoko dutela iragarri du gaur bertan Lan Ministerioak.

Bilera horietatik atera daitezkeen proposamenak txertatu ondoren, Bornek Gabonetako aurreko astean emango luke erreformaren berri.

Sindikatu gehienek ez dutenez begi onez ikusten bere plana, ziurtzat eman daiteke «udaberri beroa» antolatuko dutela.