NAIZ

Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak okupazioa eginen du Atharratzen

Abuztuan manifestazio jendetsua iragan zen Maulen etxebizitzen prezioen emendatzea salatzeko eta azaroaren 4an bilkura publikoa antolatu zuten, hainbat auzapezen parte-hartzearekin, Urdiñarben. Abenduaren 3rako okupazioa egiteko xede hitzordua eman du Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak.

Ehunka lagun bildu ziren, agorrilaren 13an Maulen, etxebizitzaren arazoaz oharrarazteko.
Ehunka lagun bildu ziren, agorrilaren 13an Maulen, etxebizitzaren arazoaz oharrarazteko. (Guillaume FAUVEAU)

Zuberoan espekulazioaren eta etxebizitzen prezioen emendatzeari buruzko arrangura handitzen ari da. Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboaren arabera, higiezinen arloan presioa gero eta handiagoa da herrialdean. 

Hainbat kasu zehatz salatuak izan dira eta herri ezberdinetako auzapez eta hautetsiak ere mobilizatzen ari dira.

Oroitzearre iragan abuztuaren 13an manifestazio jendetsu bat egin zuten Maulen.

Hilaren 4an, berriz, bilkura publikoa antolatu zuten, hainbat auzapezen parte-hartzearekin, Urdiñarben.

Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak (XEKK) azaldu duenez, bai etxebizitza alokatu eta bai erosteko zailtasunak gero eta handiagoak dira.

Larritasunez erantzun beharra azpimarratu dute: «Iruditzen zaigu beharrezkoa dela informatzea, alarma jotzea eta zerbait egitea luze gabe».

Kolektibo honen dinamikaren baitan bildu dira indarrak eta justuki, kolektiboak berak abenduaren 3rako deialdi berri bat egin du.

Ostia sareko kideekin mahai inguru bat antolatu dute

Atharratzen okupazio bat eginen dutela iragarri du agiri baten bidez eta parte hartu nahi duen jende orori goizeko 10.00etan hitzordua eman dio herriko plazan, «elkarrekin abiatzeko».

Zehaztu gabeko okupazio lekuan Matthieu Quilletek 2018an plazaraturiko ‘Pied de biche’ dokumentala proiektatuko dute.

Musikaz giroturiko bazkari partekatu baten ondotik, Kanbon sorturiko Ostia sareko kideekin mahai inguru bat antolatu dute lekuan berean.

Deus suntsitzeko borondaterik gabe ondasun pribatu bat egun batez okupatzeak «beste soluziorik ez dela erakusteko» xedea duela gaineratu du kolektiboak.

«Kontzientzia kolektiboa hartzeko presioa egin behar da. Alde batera pauso bat ematen jakin behar da gauzak mugi daitezen» aharrarazi du XEKK-k.